Asun AGIRIANO
ALBUM ILUSTRATUA

Bide gurutzatuak

Sormen lan guztien azpian iceberg handi bat egon ohi da ezkutuan, ondu den material mordoa hauteman daiteke barrenean. Kontakizun batek, hasieran, isiltasunaren eta misterioaren beharra du emanaldi artistiko bilakatu arte. Errenteriako Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeak 2009. urtean sortutako «Gizona ez da txoria» antzezlanean oinarrituta egin ditu marrazkiak Maite Gurrutxagak (Amezketa, 1983). Horrela jaio da «Habiak». Bosnian hainbat aldiz egon ostean, antzerki taldekoen omenaldia egiteko nahia izan zen istorioaren muina. Bi urteko prozesu luzearen ondorioz, Maite Gurrutxagak gidoia jaso eta irudien hizkuntzara ekarri du, antzerki eta komikiaren bi adierazpide berezi hauek batuz. Esperimentu bitxia dugu emaitza. Nago, helduez gain, gazteentzat ere irakurketa interesgarria izan daitekeela komiki hau.

«Sustraiak ditut zainen ordez...», Oier Guillan idazlearen hasierako esaldia komikiaren haria legez agertzen da, abiapuntu, bai eta amaierako agur. Hitz zirraragarriak, bihotza ferekatzen dutenak, ahalmen handiko hitzak, komikiaren marrazkiak tonu triste eta malenkoniatsuaz zipriztinduko dituztenak. Poema grafikoa ere deitu izan diote liburu honi; izan ere, irudia eta poesiaren ahotsa dugu kontakizun osoan.

Komikian, testu oso gutxirekin, Simon eta Selmaren istorioak jasotzen dira. Abiadura handiko trena eraikitzeko lanengatik, baserria galdu eta herrira bizitzera joan den Simon zaharrarena da bat, alargundu berria; bestea, Balkanetako gerra atzean utzita, agurea zaintzera etorri den erizain bosniarrarena. Hasierako elkarbizitza ez zaie erraza egingo biak deserrotze prozesu sakonean murgilduta baitaude. Baina, egunak aurrera joan ahala, bizipen, kultura eta hizkuntza ezberdinak izan arren, hari ikusezin batek elkartuko ditu, eta hutsuneak leuntzen joango dira laguntasun istorio hunkigarria eraiki arte.

Maite Gurrutxagaren akuarela eta arkatzez egindako marrazkiek narrazioari bikain eusten diote, inoiz baino begirada pertsonalagoa erakutsiz.

Argitaletxeak, bestalde, apustu handia egin du edizio lan oso zaindua eta begientzat gozagarria kaleratzen. Aldi berean, gaztelaniara itzulitako edizioa ere kaleratu du, «Nidos», Dejabu Panpin Laborategiaren bertsioa.

Ez da erraza hain gutxirekin hain oparoa izatea, irakurleak estimatuko duen bizi-esperientzia dugu liburu hau.