GARA ALJER

Buteflika Aljeriako presidentetzarako bozetara aurkeztuko da berriz

Jendaurrean hitzaldirik eskaini gabe ia bi urte egin ostean, Abdelaziz Bouteflika Aljeriako presidenteak iragarri du apirilaren 17an egingo diren lehendakaritza-hauteskundeetara aurkeztuko dela.

Iazko apirilean garuneko hodietako istripu bat jasan zuen Abdelaziz Bouteflika Aljeriako presidenteak atzo aurkeztu zuen ofizialki apirilaren 17an egingo diren presidentetza hauteskundeetarako bere hautagaitza.

Abdelmalek Sellal lehen ministroaren bidez jakinarazi zuen Bouteflikak laugarren agintaldirako aurkeztuko dela, eta aukera horren gaineko azken asteotako espekulazioei amaiera jarri dio horrela. Ez da harritzekoa hedabideetan presidentearen sasoiari buruzko zalantzak aipatzea, begirale batek baino gehiagok uste baitu Bouteflika egun ez dela gauza presidente karguan jarraitzeko. 76 urte ditu eta 1999an iritsi zen lehen aldiz kargura.

Sellal lehen ministroak Oranen eman zuen prentsaurrekoan esan zuenez, «presidenteak primeran dauzka bere gaitasun intelektualak eta herrialdea gobernatzeko beharrezkoa den esperientzia guztia du. Bihar bertan -gaur, alegia- hasiko ditu inprimakiak lortzeko, sinadurak biltzeko eta dokumentazioa aurkezteko tramite guztiak, beste edozein hautagaik egin beharko duen moduan».

Agintariek emandako datuen arabera, dagoeneko 70 hautagai aurkeztu dira lehendakari izateko bozetara. Datorren asteazkenerako Parlamentuko 600 diputaturen babesa aurkeztu beharko dute; bestela, gutxienez 25 probintzietako batzarren babesa. Babes horiek lortzerik ez dutenek, 60.000 sinadura bildu beharko dituzte 25 probintziatan -gutxienez 1.500 sinadura horietako bakoitzean-.

Bouteflikak ez du arazo handirik izango, bere ondokoek behin eta berriz esaten baitute herritarren eskarien eraginez hartu duela berriz aurkezteko erabakia, Egipton Al Sisi jeneralak egin berri duen moduan.

Sellal lehen ministroa dagoeneko kanpainan sartuta dago. Atzo Bouteflikaren lorpen gisa aipatu zituen «herrialdeak dituen egonkortasun politikoa eta ekonomikoa zein segurtasuna». Gainera, «Aljeriak aurrean dituen erronka berriei erantzun egokia emateko ikuspegia eta gaitasuna» Bouteflikak dituela erantsi zuen.

Lehen ministroak argi utzi zuen Bouteflikaren aldeko kanpaina horretarako propio aukeratutako talde batek zuzenduko duela, eta hautagaiak bere programa aurkeztu besterik ez duela egin beharko.

Lehen ministroak kazetarien aurrean esan zuenez, Bouteflikak abenduan hasita Aljeriako makina bat probintzia bisitatu ditu, eta bidaia horietan herritar askok eskatu dio laugarren agintaldirako aurkezteko. Begirale askok egungo presidentearen aldeko kanpainaren hasiera moduan ulertu dute bira hori.

Gainera, irrati publikoek tarteka eskaintzen dituzten espazioetan herritarrek Bouteflika goraipatzen dute, eta Aljeria oso ondo doala esaten dute. Hauteskunde kanpaina altxor publikoak ordainduta dago, begirale askok egindako irakurketaren arabera.

Armadako buruen eta presidentearen ingurukoen arteko tentsioa ikaragarri hazi denean hartu du bere erabakia Bouteflika presidenteak.