GARA

Euskal herritartasuna sustatzea izango da Udalbiltzaren lan ildo berria

Euskal Herriak bide propioa egiteko baldintzak sortzen ari direla uste du Udalbiltzak. Norabide horretan hasiko da lanean, atzo iragarri zuenez, euskal herritartasunaren aitortza sustatuz. Dinamikak martxoan abiaraziko ditu.

Berrantolatzeko batzarra egin zuenetik lehenengo urtemuga betetzear denean -datorren martxoaren 2an-, Udalbiltzak lan ildo berri bati ekingo diola iragarri zuen atzo, hain zuzen, euskal herritartasunari. Independentziaren alde Katalunian eta Eskozian aurten egingo diren galdeketak direla-eta, 2014a urte berezia izango dela uste du udalen eta udal hautetsien biltzarrak eta, gure herrialdeari dagokionez, bide propioa egiteko baldintzak sortzen ari direla adierazi zuten Ordizian egindako agerraldian.

Hor kokatu zituzten urrats berriak. «Prozesu honi bultzada bat emateko, euskal herritartasuna eta Euskal Herriaren aitortza sustatuko ditu Udalbiltzak. Izaera eraikitzailez eta parte- hartzailez ariko gara», adierazi zuten ordezkariek.

Hiru ardatz nagusi

«Euskal Herritarrak gara» izeneko ekimenaren gerizpean garatuko du ildo berria, eta oraingoz hiru ardatz lantzea aurreikusten dute: euskal ikurren aldeko herri dinamika, euskal herritartasun agiria eta Interneteko domeinu propioak. Aztertu egingo ditu, halaber, independentziari buruzko herri galdeketak, kirola eta oroimen historikoa.

Udal hautetsiekin Ordizian egindako bilkuran zehaztu zituzten, halaber, prozesua martxan jartzeko dinamika batzuk. Esaterako, euskal ikurren alde herri mailan egin daitezkeenak: ikurren erabilera udalen eta herritarren eskutik; udal paper-gauzak; Euskal Herriko mapa, errepideetako bide seinaleetan...

Agiriei dagokienez, euskal herritartasuna publikoki adierazteko nortasun agiri ofizial baten sorrera sustatu nahi du Udalbiltzak eta, horretarako, bere izapidetzea prestatu eta erabilera eta bideragarritasuna bermatu behar dira.

Interneten ere ikusgaitasuna handitzeko udalek .eus domeinua hartuko lukete euren webguneetarako. Bide batez, domeinua gizarteratzea ere izango da helburua.

Datorren martxoaren 10era arte udal hautetsien artean prozesu parte hartzaile bat abiaraziko da ekarpenak jasotzeko eta, ondoren, Udalbiltzako Nazio Gobernuak ebazpena egin eta publiko egiteko.