J.L.
Berezkoen Binakakoa

Lanbert anaiek aurreikuspen guztiak bete eta lehen puntua eskuratu dute

Lanbert anaiek irabaziz ekin diote aurtengo Binakako Txapelketari; izan ere, atzo Landetan, Saint Martin de Hinxen, irabazi egin baitzieten Billeri eta Lazkanori 40 eta 32.

Lanbert anaiak ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, hasieratik amaierara nagusi izan baitziren. 34 eta 20 jarri zirenean, ordea, erritmoa jaitsi egin zuten. Dena egina zegoela uste zuten, eta aurkariak esnatu, eta norgehiagokan sartzen hasi ziren.

Hori ikusita, berriro ere Lanbert anaiak esnatu, eta norgehiagoka bukatzea lortu zuten, txapelketako lehen punta eskuratuz. Ongi hastea garrantzitsua da, eta ikusita Waltari ez dela arituko, atzoko puntua garrantzitsua da.

Hori izan zen atzoko berririk handiena, Federazioak baieztatu egin baitzuen Waltarik ez duela jokatuko. Kubakoak arazoak omen ditu, eta azkenean ez da arituko txapelketa honetan. Kurutxarirekin zen aritzekoa, eta orain ikusi egin behar zein arituko den bere ordez; izan ere, gainerako aurrelariak kolpatuta eta ezinean baitaude. Zurrumurruen arabera, Elgar gaztea izan daiteke. Oraindik amateurra da, eta udazkeneko Munduko Txapelketaren ostean zen profesionaletara pasatzekoa, baina agian aurreratu egin beharko dute, nahiz eta lizentzia amateurrarekin jarraituko lukeen.

Gaurko partida, Armendaritzen jokatuko da 17.00etan. Larretxea eta Harizmendi, Intxausperen eta Pello Ducassouren aurka arituko dira nor baino nor. Aurrenekoak dira faboritoak.