GARA DURANGO

Ziur presoek eta erbesteratuek igarri zituztena Durangotik bidalitako elkartasun «riff»-ak

Giro ederra izan zen egunean zehar Durangoko Landako gunean preso zein erbesteratuenganako elkartasuna islatzeko Kalera Rock jaialdian.

Goiz, 11.00etan, zabaldu zituzten geratzen ziren sarrerak saltzeko leihatilak, eta hortik ordu erdira igo zen oholtzara Trikizio taldea. Jarraian, beren artean minutu gutxiko tartea utziz, Itziarren Semeak -abuztuan hasiko dira disko berria grabatzen-, Kauta, Boikot -astearte honetan kaleratu zuten beren azken lana, «Boikotea!»- eta McOnak taldeak azaldu ziren.

Iluntzean, Arkada Social taldeari heldu zitzaion oholtzara igotzeko txanda; atzetik, hamargarren urteurrena ospatzen ari den Gose; bueltatu berriak ditugun Urtz gipuzkoarrak; eta, bukatzeko, paraje hauetatik ikusle gehien eraman ohi duten bandetako hiru: taldekide berri bi dituen Esne Beltza, Sevillako Reincidentes -hauek ere, «Aniversario» disko berria besapean- eta Donostiako Ze esatek! banda skatalitikoa.

Hamaika banda, ia hamabost orduko ikuskizuna, milaka pertsona kontzertuetan eta hamaika elkartasun taupada.