GARA BARTZELONA

Zumetari buruzko dokumentala garaile, Zinemaldia.cat jaialdian

«Izenik Gabe 200X133» dokumentalak irabazi du Zinemaldia.cat jaialdiko Urrezko Txapela; hain zuzen, Jose Luis Zumeta euskal artistaren lana gai hartuta Enara Goikoetxeak eta Monika Zumetak zuzendutako filmak. Bartzelonako zinema bilkura hau bederatzigarren aldiz egin dute aurten eta euskal zinemari ikusgaitasuna ematea du helburu. Antolatzailea Bartzelonako Euskal Etxea da, 1979tik geroztik euskal kultura Katalunian sustatzeaz arduratzen dena. Azken edizio hau iragan ostegunean amaitu zen.

Joel Joanek, Aina Clotetek, Marc Rechak eta Jordi Ambrosek osatu dute epaimahaia eta saria film honek merezi zuela erabaki zuten «lan intimoa» dela-eta «pintorearen izaera gerturatzen» diolako ikusleari, baita une horretan pintatzen ari den obra bera ere.

Beste filmak

Epaimahaiak Jorge Gil Munarrizen «El método Arrieta» filmari aipamen berezia egitea erabaki zuen «Arrieta arreben energia goraipatzen duen aparteko istorio baten berri ematen duelako».

Jaialdian ikusi ahal izan diren beste lanen artean dira «Gernika bajo las bombas» (Luis Marias) edo «Asier ETA biok» (Aitor Merino).