Ion SALGADO

Mobilizaziora deitu dute berriro Garoñaren berrirekiera galarazteko

Araba Garoñarik Gabe plataformak manifestazioa deitu du martxoaren 15erako, zentral nuklearraren berrirekiera galarazteko. Horrez gain, datorren asteburuan, elkarretaratzea egingo du Arabako Aldundiaren aurrean, eta hilaren 5ean itzalaldi bat egitera deitu du.

Araba Garoñarik Gabe plataformak Madrilgo Gobernuak ostiralean onartutako dekretua enpresa elektrikoen nahiei men eginez egin duela salatu zuen atzo. Plataformako bozeramaile Alberto Friasek ohartarazi zuenez, dekretu horrek datozen hilabeteetan Burgosko zentral nuklearraren «berrirekitze suizida» lortzea du helburu. «Espainiako Gobernuak oligopolio elektrikoen aginduak betetzen ditu, PP beraien interesetara makurtzen den bitartean», deitoratu zuen Gasteizen emandako prentsaurrekoan.

Egoera honi aurre egiteko, plataformako kideek hainbat ekimen gauzatuko dituzte martxoan zehar. Horrela, datorren larunbatean, 12.00etan, elkarretaratzea egingo dute Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Halaber, martxoaren 5ean 21.00etatik 21.10era itzalaldia egitera deitu dituzte gasteiztarrak, eta, azkenik, hamar egunera, martxoaren 15ean, Araba Garoñarik Gabe osatzen duten elkarte guztiek hiriburuko erdigunean barrera manifestaldia egingo dute.

Friasek azaldu zuenez, Gobernu espainolak joan den astean iragarri zituen aldaketak. Hain zuzen, 1999. urtean onartutako Instalazio Nuklear eta Erradiaktiboen Arautegiko artikulu zehatzak aldatu dituzte, eta Nuclenorren eskuetan utzi dute zentralaren etorkizuna. Hala, enpresaren asmoa zentrala urtea bukatu aurretik berrirekitzea dela gogoratu zuen.

Europako Batzordea

Bestetik, atzo EAJk azaldu zuen Europako Batzordeak Garoña berrirekitzeko egin behar diren lanen informazioa ez duela jaso. Gogoratu beharra dago, zentralak segurtasun arloko egokitzapenak egin beharko dituela erreaktorea martxan jartzeko.