ZIENTZIA | IKERKETA

Enrique Zuazuak Humboldt ikerketa saria jaso du

Enrique Zuazua (Eibar, 1961) euskal ikertzaileak Humboldt ikerketa saria jaso berri du. EHUn eta Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean Matematikan doktorea da, eta Bilbon egoitza duen Basque Center For Applied Mathematics (BCAM) zentroko zuzendari zientifiko sortzailea izan da. «Aspaldi ari naiz elkarlanean Erlangen Unibertsitateko katedradun Gunter Leugering ikerlariarekin. Berak aurkeztu zuen nire hautagaitza sari honetarako, izan ere», azaldu zuen «Zazpika»ko kolaboratzaile denak. Gaineratu zuenez, «elkarrekin jorratzen dugun ikerketa lerroa `Sistemen kontrola' da, eta hori edonon beharrezkoa da».

Sariak «Alemaniako beste talde batzuekin elkarlanean aritzeko aukera ere emango digu. Hain zuzen ere, Munich-eko Unibertsitate Teknikoarekin, baita Berlingo Matheon zentroarekin».