Arantxa MANTEROLA

Transgenikoak baimendu aitzin INRAren azterketen emaitzak kaleratzeko dio BLEk

Biharko Lurraren Elkarteak (BLE) kezka agertu du berriro, transgenikoen hedapenak nekazaritza biologikoan izan dezakeen eragin kaltegarria dela-eta.

Izan ere, Europar Parlamentua eta Gobernu frantsesa genetikoki eraldatutako organismoei (GEO) buruzko arautegi berria eztabaidatzen ari diren honetan, INRAk (nekazaritza ikerketaz arduratzen den estatu mailako erakundea) bi laborantza motak -transgenikoa eta ez transgenikoa- batera bizi daitezkeen edo ez argitzeko egindako azterketa zientifikoaren emaitzak ez dituela oraindik ezagutarazi nabarmendu du.

2008ko lege batek zehazten du hazi transgenikoen laborantza baimendua dela, beti ere gainerako landaketak «kutsatzen» ez baditu.

Nafarroako artoa

Alta, Bio Aquitaine federazioak eta Bertako Hazien Sareak INRArekin batera artoarekin egindako hainbat esperimentuk argi utzi dute, BLEren esanetan, «kutsadura arriskua egiazkoa» dela. Are, ez du uste laborantza bataren eta bestearen artean tarte bat jartzeak eraginik duenik. Nafarroan gertatukoa jarri du horren adibide. Estatu espainolak hazi transgenikoen landaketa baimentzen duenez, egun «ezinezkoa» da Nafarroan arto biologikoa ekoiztea, transgenikoek kutsatzen dutelako. Hala, nekazaritza biologikoan ari diren baserritarrak Akitaniara joaten omen dira haziak erostera.

BLEren aburuz, «moratoria da tresna juridiko eraginkor bakarra». Nekazarientzat bideragarriak diren eta ingurumena errespetatzen duten irtenbideak badirela gogorarazi du elkarteak, transgenikoen erabilerak baino jardun horiek bermatzen dutela kalitatezko elikadura berretsi aitzin.