2014/03/01

IKUSMIRA
Batzordeak eskatutakoa, oposizioaren esku

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordearen ondorioek sobera argi utzi dute nafar herritarrek aldarrikatzen duten aldaketari ekiteko beharra. Hartarako, Yolanda Barcina presidentearen eta Lourdes Goicoechearen dimisioak eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu du batzordeak. Barcinak atzo bertan iragarri zuen ez duela dimititzeko asmorik, nabarmen gelditu diren irregulartasunak herritarren interesaren aldeko jokaeraren ondorio direla esanez, edo are barregarriago, ez diola «Bilduren bide orriari» jarraituko. Nolanahi ere, jarrera hori gorabehera, aldaketa ahalbidetzea oposizioaren esku dago, eta ikerketa batzordea sortzera eraman zuen arrazoi berak eraman beharko luke orain, behar izanez gero, zentsura mozioa aurkeztera, batzordearen ondorioek eskatutakoa betez. Oinarri-oinarrizko betebehar demokratikoa da, eta Barcinak berak bozetara deitu ezik, ezerk ez luke eragotzi behar. Berandu bada ere, Barcinak dimisioa eman eta hauteskundeetara deitu beharko luke, aspaldi iragarri beharko zituzkeen, gutxieneko ardura politikoa erakutsita, baina sobera argi erakutsi du jada berari erantzukizuna eskatzea alferrikako ariketa dela. Hortaz, oposizioak beharko du erantzukizun hori erakutsi. Nahikoa arrazoi ditu, ikerketa batzordeak berretsiak, baita gehiengoa eta zilegitasuna ere, eta are garrantzitsuago, nafar gehienen aldarria.