Elkarrizketa
Antton Agirrezabala «Txepe»
Inauterizalea

«Bere garaian legeari kasu egin balitzaio, Tolosan ez zen inauteririk egongo»

Umetatik izan zuen Antton Agirrezabala «Txepek» (1943, Tolosa) kontaktua inauteriekin. Amak, koloretako blusak josten zituen bere garaian; etxetik datorkio, beraz, festarako zaletasuna Txeperi; atzean geratu gabe, etxekoei ere pasa die zaletasuna. Kalean ditu gustuko inauteriak tolosarrak, eta bertan bizi izan du festa, lanerako zein parrandarako gertu.

Urteekin profesionalizatu egin dira inauteriak?

Urtetik urtera leku gutxiago dago inprobisaziorako. Inauteriak bi gauza dauzka: musika (inauterietakoa), eta bigarrenik berezkotasuna. Eta bigarren hau galtzen ari dira. Eredu bat jarriko dizut: bertsolaritza. Txapelketa baino hilabete lehenago gaiak eman, eta preparatuz gero, ez litzateke berdina, ez? Bada, inauteriekin berdin. Bi hilabete lehenago kuadrillek musika bat aukeratzen dute, jantzi bat, eta dantza bat...

Antolamenduaren aurkakoa naiz, nolabait esateko. Tolosako inauteriak festa anarkikoa dira. Tolosako Udalak egin beharko lukeena, nire ustetan, litzateke: Tolosa txukun-txukun ezarri, garbitu, eta zirkulazioa antolatu. Behar duenari laguntzea, baina zer egin behar dugun esatea, ez. Ulertzen dut nolabaiteko ordena egon behar dela, baina inauteriak galdu egiten du horrela.

Faltan botatzen duzunik?

Aipaturiko naturaltasuna. Antolatuegiak ikusten ditut egungo inauteriak. Eta musika; bertako musika, inauterietakoa, ez da ia entzuten, eta tristea da txunpa-txunpa (Musika elektronikoa imitatzen du) une oro entzutea. Hala ere, bakoitzak nahi duena egin dezala.

Gutxien gustatzen zaizuna?

Gaueko festa ez zait gustatzen, ni ez naiz gaupaseroa. Sanferminetan behin pasatu dut gau osoa, eta hura lanean, eta konturatu nintzen berdin-berdina zela hango gaua edo hemengoa edo edozein jai. Gauetan inauteriak beste edozein jai bezalakoak dira.

Egitarauari gehituko zeniokeen ezer? Kanpotik ekarri edo?

Kanpotik ekarri, ezer ez. Tolosan gauza asko gertatu dira. Ni gogoratzen naiz, ostegun gizen batean gobernadore zibilak txaranga debekatu zuela; txaranga guztiak baten izenarekin atera ziren, eta gero guztien artean ordaindu zuten isuna. Hemen kasu egingo balitzaio legeari, ez zen inauteririk egingo. Beste hainbat herritan ere debekatu egin ziren, eta ez zen inauteririk egin. Hori da faltan botatzen dudana. Gauzak konpondu egin behar dira, ez trabak jarri. Festa anarkikoa da, eta orduan ezin da markatu. Pentsa, garai batean elizak gizonei emakumez janztea debekatzen zien, eta debeku horri kasu eginez gero...

Asko aldatu dira inauteriak, beraz?

Batez ere, azkeneko 4-5 urteetan. Agian, diruagatik da. Niri askotan galdetu didate ea zein den festetan ongi pasatzeko sekretua. Nik esaten diet: oso erraza da; goizean ondo gosaldu eta txukun-txukun irten etxetik, edanarekin ez pasa, bazkaldu kalean, eta afaltzera etxera. Eta adi, hurrengo egunean jai! Hori da sekretu bakarra. Zerbait ezberdina jantzi gainean, eta listo. Suhiltzailea ez dadila jantzi suhiltzailez, edo harakina harakinez... baina bai bonberoa harakinez edo alderantziz. Pixka bat aldatzea da gakoa.

Anekdota asko, ezta?

Gaur, kasualitatea, inauterietan elkartzen garen lagun taldea elkartu gara, eta horretaz jardun gara. Urte batean ez irtetekotan egon ginen. Gerritik jota zegoen gutako bat, eta pentsatu genuen `eta ohe bat ateratzen badugu?'. Hori asteazken batean izan zen, ostegun gizen baten bezperan; etxera nindoala, altzariak uzten dituzten leku batean ohe bat utzita ikusi nuen. Gurpilak jarri, eta kalera. Nik anaiari kendu nion bata zuri bat eta horrelako medikuen instrumentu handi bat. Igandean atera, eta bukatu genuen asteartean; ohean zegoena dantzan eta gutako beste batek ohean amaitu zuen, sekulako parranda botata. Beste batean erresidentzian emakumez jantzita bukatu genuen; hau orain dela ez hainbeste, gainera.

Beti ikusi izan da inauteria festa zirikatzaile bezala, agintearen aurkakoa edo...

Tolosan ez hainbeste, e! Izan dira detaileak eta horrela, baina ezer gehiago ez. Antton Bandres zena, «gris»-ez (garaiko polizia) jantzita irten zen behin, jendea saltxitxoi batekin joz eta horrela. Sanferminek, adibidez, bai, kutsu hori izan dute gehiago, pankartak eta ikus daitezke lekuetan, baina Tolosan ez. Parodia bai, baina niri ez zait hori gustatzen. Telebistan zerbait ikusi eta horri parodia egitea ez zait gehiegi gustatzen.

Zer dute inauteriek hainbeste irauteko?

Gogoratzen naiz nola Tolosan debekatuta zegoen inauteria. Atera zen banda bat kalera, txaranga bat, eta atentzioa deitu ziotenean, `Toma de Jaen' edo Malaga ospatzen zebiltzala esan zuten. Udaletxean beti egon dira inauterien alde. Gertatu da debekatzen zituztela gauzak, baina garaiko gobernadore zibila balkoian desfilea ikusten egotea. Nik ezagutu dut hori. Elizak ere izan zuen garai bat inauteriak bekatutzat hartzen zituena. Eta gu mezetan egoten ginen, pentsa! Belarriak jaitsi eta ahal zen azkarren ospa (barrez). Izan dira ere abesti batzuk debekatuak.

1937an debekatua egon zen. Poliki-poliki hasi ziren inauteriak ostera. Hemen, estatus handiko jendea egon da inauterizalea. Ez dakit nola azaldu, baina jende horren inauteri zaletasunak salbatu ditu inauteriak hein handi batean.

Gerra aurretik emakumeak kalean zeuden, eta janzten ziren, baina gerra ostean... Talde bezala atera ziren lehenbiziko emakumeak nire emaztea eta izango ziren; udaletxez atera ziren, oso ondo, duela 50 bat urte. Gero, poliki-poliki, gehiagora. Gerra aurretik irteten omen ziren; gerra ostean, berriz, gizon festa bilakatu zen. Orain, normal ateratzen dira, eta emakumezko asko dago inauterizalea.

Zailtasunak izan arren, aurrera egin dute beti. Jendearentzako ihesbide bat direlako, akaso?

Hemen bi gertaera latz pasa ziren. Horiek eta gero, `Honaino!' esan zen. Lehenbizikoa Burgosko Prozesuan izan zen. Hor ez zen inauteririk egon, ofizialki ospatu behar izan ziren bi kontuak baino ez. Boikot osoa eginez gero, debekatu egingo lukete. Beste gertaera gogor bat egon zen: txaranga bateko zuzendari bat hil zuten, Arratibel (Patxi, 1997an ETAk hil zuen). Inauteriak ez ziren atzera bota; jendeak ez zuen salto egin txarangekin, baina musikak jarraitu egin zuen. Ez batengatik, ez bestearengatik, oso gogorra izan zen, baina festak aurrera egin behar zuela erabaki zen.

Garaiak ere aldatu dira. Gu eleganteago ibiltzen ginen, diruaren poderioz. Esan gazte bati orain karroza egiteko! Gazteek laguntza gehiago izan dezakete, baina garestiagoa da. Parranda garestia dira inauteriak, eta gero eta garestiago jartzen ari da. Etorriko dira urte hobeak, halere.

Eta pentsa ze kuriosoa den inauterien kasua, elizak lokal bat uzten zigula! Horregatik esan dut, denaren gainetik dagoela. Kanpoan azalduta arraro geratzen da, baina horrela da. Hemen ere denetik dago: badaude familiak sekula mozorrotu ez direnak, eta beste batzuetan, alderantziz. Irrigarri geratzeko beldurra izanez gero, Tolosara ez etorri.

Juan Bautista Aranzabe «Mate»-k hainbat aldiz aldarrikatu du Inauterien Museoa Tolosarentzat. Ze iritzi duzu?

Nik uste dut materiala soberan dagoela; orain, museoa zeinentzako? gordetzeko? gauza zaharren altxor bezala edo? Niri gustatuko litzaidake nolabait jasotzea, baina museoa gehiegi izan daiteke. Gustatuko litzaidake, eta alde nago, baina ez dakit nik gehiegi eskatzea ez ote den.