2014/03/03

100 blokezaletik gora Pio Barojako Txapelketan

Pasa den otsailaren 22an, Donostiako Fortuna Elkarteak antolatutako hitzordua jokatu zen. Erabateko arrakasta izan zuen izaera herrikoia duen lehia horrek. Oso giro ona eta lehia estuak bizi izan ziren.

Andoni ARABAOLAZA
P042_f02_93x140
ARRAKASTATSUA. Otsailaren 22an, ehun blokezale baino gehiagok Pio Barojako Boulder Txapelketa Herrikoiaren bosgarren ekitaldian hartu zuten parte.

Pio Barojako Boulder Txapelketa Herrikoiaren antolatzaileak pozarren dira. Hiru urteko etenaren ondoren, pasa den otsailaren 22an izaera herrikoia duen lehiaren bosgarren ekitaldiak ehun lagunetik gorako parte-hartzea izan zuen. Bai, ehun blokezale baino gehiagok ez zioten muzin egin deiari.

Askotan aipatu izan dugu txapelketa herrikoiek lehia ofizialek baino askoz ere arrakasta handiagoa dutela, eta horren isla da Donostiako rokodromo horretan gertatutakoa. 60 bat lagunek aldez aurretik izena eman zuten, eta lehia egunean beste dozena batzuk gehitu zitzaizkien. Antolatzaileek adierazi digutenez, zur eta lur geratu ziren parte-hartzearekin: «Hitzordu hau hiru urtez `lo egon' da, eta beldur pixka bat genuen berragerpenarekin. Azkenean, bosgarren ekitaldi hau oso arrakastatsua izan da. Gainera, Donostialdeko eskalatzaileak hurbiltzeaz gain, Euskal Herriko txoko ugaritatik bertaratu ziren: Bilbo, Arrasate, Gasteiz, Iruñea... Oso pozik gaude erantzunarekin».

Lehia ederrak

Goizeko sailkapenetarako, antolatzaileek hogei bloke prestatu zituzten. Aurretik blokezaleek hiru orduko lana zuten Joskak, Asierrek, Isaacek eta Anttonek sortutako korapiloak askatu ahal izateko.

Eguerdiko ordu bata aldera lehiakideen lanak amaitu ziren. Atsedenerako zein bazkaritarako ordua iritsi zen. Arratsaldeko 16.30ean, berriz, finalak hasi ziren. Finalistak bi mailatan banatu ziren: gazteak eta seniorrak.

Arratsaldeko saio horretan ikusle asko bertaratu zen, eta oro har, lasai asko baiezta daiteke Pio Barojako rokodromoan oso giro ederra sortu zela. Ekipatzaileek ezaugarri ezberdinetako korapiloak sortu zituzten: fisikoak, teknikoak, dinamikoak... Eta asmatu egin zuten.

Gazteen mailan, nesketan, Muriel Ruizek irabazi zuen; bigarren postua Aitziber Urrutiak eskuratu zuen eta hirugarrena Iris Ruizek. Mutiletan, Gabriel Caballero gailendu zen. Bigarren posturako honako berdinketa: Julen Arriola, Bittor Esparta, Tasio Martin eta Martin Urrutia. Eta hirugarrena Gorka Ruiz izan zen.

Nagusietan, nesketan, Zuriñe Arruek irabazi zuen; haren atzetik Ane Mujika eta Leire Tapia sailkatu ziren. Eta mutiletan: lehena Aritz Dominguez; bigarrena Ned Yoxall; eta hirugarrena Vadir Lopez.

Amaitzeko, Fortuna Taldeko antolatzaileek lehiaren inguruan oso balorazio baikorra egin dute: «Geure xedea ahalik eta jende gehien hurbiltzea zen, eta lortu dugu. Izugarri poztu gaitu parte-hartzaileen gehiengoa gazteak izateak. Den-denek oparia jaso zuten».

GIRO EDERRA

Antolatzaileak pozik daude parte-hartzaileek emandako erantzunarekin. Lehiakide guztiek opari bana jaso zuten.