Jon Garmendia
Idazlea

Konputadora

Sofan etzan eta musika jarri duzu aspaldiko partez, badira hilabeteak etxeko apaingarri huts bat izan dela iaz erosi zenuen Hi-Fia, baina normalean interneten bidez entzuten dituzu abesti gehienak, eta ordenagailuan txukun- txukun ordenatuak dauzkazu musika talde anitzen diskoak. «Strawberry fields forever» kantatzen ari zaizu John Lennon, eta begiak ixteko erraten dizu, errazagoa dela haiek itxita bizitzea, ikusten duzuna ulertu gabe baino; zaila dela norbait izatea, baina dena ongi irteten dela. Bere kanta entzun ahala bere esaldi bat oroitu duzu. Etorkizuneko planak egiten ari zaren tarte horretan pasatzen ari dena omen da bizitza. Edo halako zerbait. Eta zuretzat, bizitza, ordenagailua piztu arteko hori guztia da. Izan zen garai bat esnatu bezain laster dutxa bero bat hartzen zenuena, eta zentzumenak pizteko kafe goxo bat hartzea deliberatzen zenuena. Azkenaldian, ordea, ordenagailua piztea izaten da lehen gauza, eta sarri askotan baita azkena ere. Oharkabean egiten dute orduek aurrera, eta zu, ordenagailu aurrean zaude. Eguzkiak aurpegia erakusten die hondartzei, zelaiei eta mendiei, baita horietan oinak pausatzen dituztenei ere, eta zu, ordenagailu aurrean zaude. Lagunak ostatuan ari dira kantuan, bikoteak ohean itxaroten zaitu, eta izeba telefonoz noiz deituko diozun zain dago, baina zu, ordenagailu aurrean zaude. Bueno, zeunden, gaur goizean ezin izan baituzu piztu. «Konputada» ederra. Eta hasierako madarikazioek egun osoan izan dute segida, konpontzera eraman baituzu dendara, eta haren bizitzagatik ezin dela fitsik egin erran dizute, ez eta bere bizitza izan den horretatik fitsik berreskuratu ere. Bat-batean, zure bizitzako hiru urte ere berekin joan direla pentsatu duzu, testuak, argazkiak, gordetako pasahitzak... dena galdu baituzu. Etxea erre balitzaizu bezala zaude, ahantzi gabe lehen han gordetzen zenituela zure bizitzaren zatiak, eta ez ordenagailu batean. Baina John Lennonek kantatzen segitzen du, «All you need is love» erraten du orain, zuk ere behar duzu maitasun pixka bat, eta agian, baita bizitza berri bat ere, ordenagailurik gabekoa.