IKUSMIRA
IKUSMIRA

Troikaren txaloek ezabatu ezineko langabezia

Otsailean gora egin du langabeziak Hego Euskal Herrian. Urtarrilean baino 1.784 langabe gehiago zeuden. Estatuan, berriz, jaitsiera txikia izan du langabe kopuruak, ia 2.000 lagunekoa. Azkenaldion behin eta berriz iragarritako ustezko susperraldi ekonomikoarekin bat ez datozen datuak dira, gobernuetako arduradunak atzo, beti bezala, zantzu eta joera edo irakurketa onak ikusarazten saiatu ziren arren. Izan ere, herritarrek errealitatea baino ez dute ikusten, pairatu egiten baitute. Eta PPk Bilbora ekarritako Global Forum Spain 2014 arranditsuaren biharamunean, errealitatea itzuli zen, inongo propaganda ekitaldik ezin ezabatu duen errealitate setatia. Bilboko bilera Madrilgo eta erkidegoetako gobernuek ezarritako politikek eragindako arbuioaren erakusgarri ere izan zen, baina hedabide gehienek atzo, politika horiek exijitzen dituzten erakundeen txaloez gain, Bilbon izandako istiluak baino ez zituzten nabarmendu. Eta nabarmentzeko modukoa da langabeziaren datu txarrak txalotutako politika horien ondorio direla. Nabarmendu egin beharra dago politika horiek eta troikako arduradunek eskatutako neurri eta lan erreforma zorrotzagoek ez dutela langabezia murrizten eta, gainera, lan baldintzak kaskartu eta oro har gizartea pobretu egiten dutela. Horixe da gero eta herritar gehiagok jasaten duten errealitate larria, troikaren txaloek ezabatu ezinekoa.