GARA DONOSTIA

Antzerkia multimedia ere izan daitekeela erakutsiko du «Barbantxo»-k

Hiru dimentsiotako irudiek haurrak txundituko dituzte, aski ezaguna duten Barbantxoren istorioarekin beste behin gozatzen duten bitartean. Helduek, berriz, hiru emakume idazleren iragana arakatu ahal izango dute eta esateko dutena entzun: hil ziren, baina ez dute lurra utzi nahi. Hil aurretik antzezlan bat egin nahi duten adineko aktoreak ere izango ditugu antzerkiaren munduaren inguruko antzezlanean, publikoari horretaz pentsarazteko asmoz.

Donostiako dFeria Arte Eszenikoen Jaialdiaren azken eguna dugu gaurkoa, eta izango diren proposamenen artean haurrei eskainitako «Barbantxo» da deigarriena, kontatzen duen istorioagatik baino kontatzeko eragatik. Barandiaranek tamaina txikiko pertsonaien gaineko istorioak batu egin zituen eta testu horretan oinarritu da Logela Multimedia konpainia antzezlana osatzeko.

3 eta 7 urte arteko haurrei zuzendutako lana da. Horiek koloreekin ederki pasatuko dute eta handienek, berriz, teknologia berrikuntzekin. Izan ere, hori da lan honen berezitasuna: multimedia esperientzia bat da. Barbantxoren ama gaixo dago ohean eta Barbantxok aitari bazkaria prestatu eta eraman beharko dio. Abentura horretan aurki ditzakeen arriskuetatik salbu egoteko, amak hiru dimentsiotako betaurrekoak emango dizkio eta Barbantxok horiek jarritakoan ikusleek ere jarri beharko dituzte. Une aipagarriak izango dira, adibidez, Barbantxo lapikora erortzen denekoa edota behiaren sabelean dagoenekoa. Ikuskizunak bi emanaldi izango ditu, 10.00etan eta 11.30ean, Lugaritz Kultur Etxean.

Betiko bizirik

«Barrocamiento» (11.15, Intxaurrondo K.E.) da Siosi Teatro konpainiaren apustua, hil ziren baina bizitza utzi nahi ez duten hiru emakumeren istorioa. Bizirik jarraitu zuten, euren testuen bitartez askatasun eta duintasun nahia zabaldu zutelako. Maria de Zayas y Sotomayor, Sor Juana Ines de la Cruz eta Feliciana Enriquez dira konplexurik gabe idaztera ausartu ziren emakume horiek eta, orain, oholtzara igoko dira gaur egungo gaiei buruz mintzatzeko.

«Beisbol» (22.00, Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoa) lanak adineko pertsona talde batek antzezlan bat eratzeko duen grina erakutsiko digu; antzezlan bakar bat, behintzat, hil aurretik. Hil ondoren gogora ditzaten lortzearren, edozer gauza egiteko prest daude. Veracruzeko Unibertsitateko antzerki konpainia titularraren helburua publikoa aktorearen lanbidearekin identifikatzea da, argumentua fikziozkoa bada ere, antzerkigintzaren ingurukoa delako. Pasarte desberdinetan zehar pertsonaiek bizitzan igarotako egoeren berri emango digute. Funtzio bakoitza desberdina izaten dela diote konpainiako kideek.