GARA

Gure Esku Dago Donostiak lokala ireki du Zurriolan

Zurriola pasealekuko seigarren zenbakian dago eta zabalik ditu ateak donostiar eta herritar guztientzat. Gure Esku Dago Donostiaren lokala asteazkenean inauguratu zuten. Bertan, bertzeak bertze, ekainaren 8an osatuko den giza kate erraldoiaren gaineko informazioa emanen dute. Horrez gain, heldu den astean zehar hiria ekintzaz beteko duen Eskutik Eskura ekimenaren inguruko nondik norakoak azaldu zituzten inaugurazioan. Dinamika hori larunbatean bukatuko da, Miramar jauregian, Gure Esku Dago Donostiaren aurkezpen ofizialarekin.

Altuera eder horretan, mosaiko herritarra sortu nahi dute, eta gero kalejiran jaitsiko dira Antiguako kaleetaraino, animazio, haur jolas eta dantzekin. Kantu-jira-pintxo-pote batekin emanen diote amaiera egunari.

Dokumentala, mahai-ingurua...

Eskutik Eskura ekimena astelehenean hasiko da; Kataluniako giza katea aitzinera nola eraman zuten erakusten duen «Via Catalana» dokumentala emanen dute Zurriolako txoko berrian. Hurrengo egunean, leku berean, mahai-inguruan bilduko dira EAJko Markel Olano, Aralarreko Ainhoa Beola eta Sortuko Joseba Alvarez. 19.00etan jarri dute hitzordua. Asteazkenean eta ostiralean, ekintza bereziak eginen dituzte auzoz auzo, eta ostegunean, «Gazta zati bat» dokumentala proiektatuko dute Lugaritz kultur etxean. Informazio gehiago, gureeskudago.donostia@gmail.com posta elektronikoan.