Epeleko plantak 9.000 tona organiko konpost bihurtzeko ahalmena izango du

Epeleko konpostatze planta aurkeztu du Gipuzkoako Aldundiak, urtean 9.000 tona hondakin organiko 2.300 tona konpost bihurtzeko ahalmena izango duena. 2015eko urtarrilerako martxan egotea aurreikusten da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko hondakinak kudeatzeko plazaratu zuen egitasmoaren ezinbesteko parte den azpiegitura aurkeztu zuen atzo: Epeleko konpostatze planta. Bergarako lurretan eraikiko den planta honek, Lapatxekoarekin batera, egun Gipuzkoan sortzen den hondakin organiko guztia tratatzeko aukera emango du. Epeleko plantak urtero tratatuko dituen 9.000 tona hondakin organikotik 2.300 tona konpost lortzea aurreikusten da.

Konpostatze plantarekin batera, transferentzia estazio bat ere eraikiko dute, zeinak Debagoieneko errefusa, papera eta ontzi arinak jasotzeko funtzioa izango duen, jarraian dagokion tratamendu plantara eramanak izan daitezen. Horrez gain, azpiegitura nagusi horiei zerbitzu emango dieten beste gune batzuk ere egingo dira.

Aurrez aipatutako konposta goi mailakoa izango dela adierazi zuten, berau merkaturatzeko beharrezko baldintzatzat jotzen baitute konpostaren kalitatea. Halaber, kalitate maila altuak konposta nekazaritza ekologikoan erabili ahal izatea bermatuko du.

2013ko abuztuan abiatu ziren lanak Epelen, planta eraikitzeko lurrak prestatuz. Behin lan horiek amaituta, obra zibila exekutatzen hasiko dira aste gutxi barru; bederatzi hilabetez luzatuko dira lanok. Ondorioz, eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren aurreikuspen guztiak betez gero, 2015eko urtarrilerako Epeleko konpostatze planta martxan izango da.

Puntu bat hobera San Markok

2013ko gaikako bilketaren balantzea egin zuten San Marko mankomunitateko arduradunek atzo hedabideen aurrean. Nabarmendu zutenez, hiri hondakinen gaikako bilketa %36koa izan zen iaz, 2012ko datua (%35) puntu batean hobetuz.

Materia organikoaren bilketari erreparatuta, %24,6koa izan zela zehaztu zuten San Markoko arduradunek. Atez ateko bilketa sistema erabiltzen duten herrietako datuetatik urrun dago kopuru hori, horietan materia organikoaren %75,4 biltzen baita banatuta.