Andoni ARABAOLAZA
Antartika | Laugarrenean, bai

Andy Kirkpatrick-en taldeak Ulvetannako hego ertza sinatu du

Antartikako mendian (2.931 m) zabaldutako bosgarren bidea da. Hego ertzak aurretik hiru saio izan zituen, eta britainiarraren taldeak hamabi egun behar izan zituen hori eskalatzeko. Otsailaren 3an iritsi ziren gailurrera, kapsula estiloan igota.

Antartikako ohiko denboraldiak emaitzak eman ditu. Eta, agian, sonatuena Ulvetanna menditik (2.931 m, Maud Erreginaren Lurra) datorkigu. Hain zuzen ere, erpinaren hego ertzaren zirkulua itxi egin da. Edo hobeto esanda, Andy Kirkpatrick-ek zuzendutako taldeak korapiloa askatu du. Talde horren aurretik beste hiruk hego ertza helburu izan zuten, baina etxera esku hutsik itzuli ziren. Kirkpatrickek eta enparauek, berriz, lehen igoera erdietsi dute.

Britainiarrarekin batera, eskalada lanetan Jonas Langseth eta Alaskander Gamme norvegiarrek jardun dute. Eta horien alboan, beste xede batekin, BASE jauziko bi espezialista, Kjersti Eide eta Espen Fadnes; eta kamerari bat, Ingeborg Jakobsen. Guztiak ala guztiak norvegiarrak.

Abenduan abiatu ziren lurralde izoztu horretara, eta hango klimaren zorroztasunari aurre eginez, hamabi eguneko lanaren ondoren, espediziokideek Ulvetannaren hego ertzaren lehen igoera burutu zuten. Horrela bada, mendi isolatu horrek bosgarren marra berria jaso du.

Otsailaren 3a zen. Kjersti eta Espenek gailurretik BASE jauzia egiteko itxaropena zuten, baina ekaitz batek asmoa bertan behera utzi zuen. Aipatu beharra dago kapsula estiloan eskalatu zutela, eta, balizko atzera-egite bat bermatzeko, hainbat sekziotan soka finkoak jarri zituzten. Azken egunean, gailurra zapaldu eta kanpaleku nagusira jaisteko 36 orduko lan eskerga behar izan zituzten.

Kirkpatrick espedizioburu izendatu dugu, eta, hein handi batean, hala izan da. Paineko Dorreetara eginiko bidaiaren ondoren, norvegiarren deia jaso zuen. Ulvetannara joateko asmoaren berri eman zioten. Tira, gonbita jaso zuen; izan ere, Kirkpatrickek espedizioa ordaintzeko dirurik ez zuen. Britainiarrak jakin bazekien espediziokideen artean BASE jauziko espezialistak zeudela, baina argi zuen ere arrokan eskalatzeko espezialistarik ez zegoela. Eskiatzaile bat, bi BASE jauzilari, izotz-eskaladan aditu bat eta kamerari bat. Horiek ziren Kirkpatricken espediziokideak. Denbora justuarekin, britainiarrak hormatzarretako ikastaro labur bat eman zien; hori izan zen guztia. Bederen, Gamme ezagutzen zuen, iazko neguan Norvegiako Trollen neguko bide bat elkarrekin eskalatu baitzuten.

Kanpaleku nagusira heldu bezain laster, Langseth eta Kirkpatrick Holstinndeko mendebaldeko aurpegira abiatu ziren. 10 eguneko eskaladan 60 metroko hamar luze berri zabaldu zituzten. Protagonistek diotenez, eskalada oso eguraldi txarrarekin egin zuten. Marra berriak «Zardoz» du izena, eta A4ko zailtasunak, eskoziar ohiko mistoa (7 gradua) eta offwidth gogor bat gainditu behar izan zituzten.

Hamabi egun

Baina espedizioaren benetako asmoa, hots, xede nagusia Ulvetannaren hegoaldeko ertza zen. Aipatu dugun bezala, ertz horrek aurretik hiru saio jaso zituen, baina hirurek ala hirurek ez zuten helburua lortu. Laugarrenak, berriz, zortea izan eta saria eraman zuen.

Kirkpatrickek eta enparauek hego ertzaren ezaugarri guzti-guztiak esku artean zituzten: 300 metroko big-walla arroka onarekin eta paraboltak bileretan, bizkar handi bat elurrez estalia eta, amaitzeko, ertz luze eta tekniko bat arroka txarrarekin. Horiek ziren hego ertzak aurkeztu zituen «osagaiak». Besteak beste, BASE jauzilarien asmoa tartean zegoenez, eta espediziokide guztien segurtasuna bermatzeko, taldeak kapsula estiloan eskalatu zuen. Eta aurretik eginiko saio guztietan bezala, hainbat sekziotan soka finkoak jarri zituzten. Robert Casperen norvegiarra saio horietako baten protagonista da (hiru luzera geratu zen), eta Kirkpatricki eta enparauei egun bateko eskalada eta paraboltak erabili gabe igotzea aholkatu zien. Azaldu dugun bezala, ordea, espedizioak kapsula estiloan eskalatzea erabaki zuen.

Britainiarrak kontatu duenez, arazo handirik gabe bidearen bizkarrean di-da batean jarri ziren: «Bizkarrera material piloa (janaria, arropa, gasa...) eraman ondoren, ertz luze eta teknikoari ekin genion. Aleks eta Jonasek soka finkoa igo zuten. Argi asko geneukan soka horiek erabiliko genituela, batez ere balizko jaitsiera arriskutsu bat era seguru batean egin ahala izateko. Bai, hango ekaitzak ez dira txantxetakoak, eta paretan bizi duzun arriskua oso-oso handia da. Guztira, eskalada guztia sinatu ahal izateko, 12 eguneko lan gogorra egin behar izan genuen. Amaierarekin txundituta geratu nintzen; izan ere, haizeak eragindako adar estetiko bat eskalatu genuen».

Ulvetannako hego ertzaren lehena, beraz, Kirkpatrick eta bere taldekideentzat izan da. Britainiarrak adierazi du erabilitako estiloari esker kide guztiek gailurra egiteko aukera izan zutela: «Taldekideentzat helburu nagusia denok gailurra zapaltzea zen. Oso harro nago nire kideek eginiko lanarekin. Eskalatzeko teknika berriak ikasi behar izan zituzten, eta, oro har, lan hori txukun egin zuten. Jakin banekien, eskalada hori beste era edo estilo batera egiteko gai nintzela, baina nire anbizioak alde batera utzi behar izan nituen».

Bestalde, Kirkpatricek adierazi du zailtasun teknikoei buruzko azalpenak ez direla batere errazak: «Luze bat egin eta A1 dela iruditzen zaizu, baina egindakoaz hausnartzen baduzu, egoera arras aldatzen da. Artifizialeko luze horietan jakin banekien ezin nuela akatsik egin; berdin zion txikia edo handia izan. Beraz, hori aztertu ondoren, uste dut A4koak eskalatu genituela. Zati batzuetan arrokaren kalitatea oso-oso txarra zen. Oso aske egoteaz gain, usteldua zegoen. Horrelako bideetan eskalatzea gustuko baduzu, marra hau oso aproposa da. Hala ere, uste dut eskalatu dugun bidea ona dela».

Taldeburuak aitortu du, halaber, oso deserosoa zela eguneko 24 orduetan lana egitea: «Hango errealitateak ez dauka hemengoarekin inolako antzik. Gainera, une oro izotzaren gainean zaude eta perspektiba erabat galdu egiten duzu. Eta zer esango dut muturreko tenperaturei buruz!».