2014/03/28

Kronika
Ikasle mobilizazioak
Milaka ikaslek beste hezkuntza eredu bat nahi dutela aldarrikatu dute

Lomce legea, Lakuako Heziberri 2020 programa gaitzetsi eta Nafarroako Gobernuak Madrilen aginduei etengabe men egiten diela salatu zuten atzo Hego Euskal Herriko kaleetan milaka ikaslek.

Martxelo DIAZ-Agustin GOIKOETXEA-Aimar ETXEBERRIA-Ion SALGADO
P002_f02

Ikasle Abertzaleekin batera talde ugarik sustatu zuten atzoko mobilizazio deialdia. 15.000tik gora lagunek hartu zuten parte hiriburuetan egin ziren mobilizazioetan.

Bilbokoa izan zen manifestaziorik jendetsuena. 7.000tik gora lagunek egin zuten Lakuaren Gobernu Ordezkaritzatik (Galtzada Nagusia) Arriaga plazarainoko bidea. Goizean hiru jende zutabe abiatu ziren Alde Zaharretik, San Inaziotik eta Ingeniaritza Fakultatetik, manifestazioarekin bat egiteko. Ertzaintzak mobilizazioaren gaineko kontrol zorrotza egin zuen.

Iruñerrian ere ikasle zutabeak abiatu ziren hainbat institututatik eta NUPetik, Antoniutti parkean batzeko. Unibertsitatetik abiatu ziren ikasleek Foruzaingoaren kontrola pairatu zuten: ez zieten pankartarik eramaten uzten eta une oro espaloitik eta trafiko-arauak betez joanarazi zituzten. Oinezkoen semaforoak berde jarri arte itxaronarazi zieten eta beti ere zebrabideetatik pasatzera behartu.

4.500 lagun inguru elkartu ziren Antoniuttitik abiatu zen manifestazioan. «Ikasle borrokaz lortuko dugu», «Ez, ez, ez, Lomceri ez», «Ikasle, altxa, hasi da iraultza» eta «Hemen gaude hezkuntzaren alde» oihukatu zuten Parlamentuaren aurrean amaitu zen ibilbidean; UPNren egoitzaren aurretik pasatzerakoan ozenagoak ziren garrasiak.

Manifestazioa Parlamentuaren aurrean amaitu ondoren, ikasle ugarik errepidean eseri ziren, eta foruzain eta poliziei arrautzak eta harriak botatzeari ekin zieten. Horiek kargatuz erantzun zuten. Ondorioz, hainbat lagun atxilotu zituzten eta istiluak izan ziren Alde Zaharreko karriketan. Gobernu espainolaren Ordezkaritzak jakitera eman zuenez, zortzi atxilotu izan ziren Iruñean, horietatik bost, adingabeak.

Gasteizen 2.000 bat ikasle bildu ziren, Bilbo plazatik Andre Maria Zuriraino heltzeko. Manifestazioa bukatu ondoren, ikasle batzuek Hezkuntza Lurralde Ordezkaritza okupatu zuten modu sinbolikoan. Ertzaintza etorri zenean beren kabuz atera ziren. Manifestazioa abiatu aurretik eserialdia egin zuten EHUko Gasteizko campusean.

Donostiako mobilizazioa, berriz, udaletxe ondoan hasi eta Ibaetako campusean amaitu zuten, mila lagun inguruk. Lakuaren Hezkuntza Ordezkaritzaren parera iritsita, Ertzaintzak ordu laurdenez geldiarazi zuen mobilizazioa. Ibaetan Carlos Santamaria liburutegia okupatu zuten, eta asanbladak egin zituzten bertan.

Gipuzkoako herrietan ere izan zen mobilizaziorik. Lasarten (90), Errenteria (300), Goierri (300), Tolosa (80), Bergara (100), Oñati (120), Eibar (160) eta Arrasaten (200) egin zituzten manifestazioak.

Mobilizazio eguna ez ezik, greba eguna ere bazen atzokoa. Ikasle Abertzaleak taldeak eman zuen informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian ia erabatekoa izan zen greba. Bizkaiko EHUko fakultate batzuetan ez zen klase bakarra eman ere. Araban ere ia erabatekoa izan zen greba, batez ere EHUn. Nafarroan, piketeak izan ziren NUPen eta jarduna gelditzea lortu zuten. Gipuzkoan ere grena ia erabatekoa izan zela baieztatu zuen IAk.

IAk balorazio positiboa

Nafarroako IAko eledun Antxon Barberiak nabarmendu zuenez, atzokoa Nafarroan azken hiru urteotan izan den grebarik handiena izan zen. Iruñerrian eta Sakanan erabatekoa izan zela gaineratu zuen.

Horrekin batera, atzo lorturiko arrakasta ez dela inolaz ere helmuga nabarmendu zuen Barberiak, dinamika honek segida izango duela ziurtatuta. Datozen hilabeteotan Lomce-ren eta Lakua eta Nafarroako gobernuen planen aurkako mobilizazio gehiago ere izango direla iragarri zuen.

Lomce-ren ereduak ez dituela Estatuko nazio desberdinen ezaugarriak errespetatzen eta kapitalismoan oinarrituriko balioak indartzen dituela salatu zuen Barberiak.

Bilbon, berriz, Lakuako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarteri euskal eredu propioaren alde benetan jarduteko eskatu zioten. «Uriarte, etorkizuna gure eskuetan dago. Gure gainetik pasako zarela uste baduzu, erori egingo zara. Erre nahi izan zenituzten sorginen bilobak gara».

EHUko Ikasle Kontseiluko presidente Jon Ander Ormaetxeak Euskal Herriko erakundeei autogobernua erabiltzeko eta euskal eredu propioa defendatzeko eskatu zien.

Ikasle Sindikatuko kide Javier San Martinek murrizketa gehiago ez ezartzeko eskatu zion Lakuako lehendakari Iñigo Urkulluri. «Bide propioari ekingo diotela esaten badute ere, ez dute Lomceri aurre egiteko denborarik. Langileen seme-alabek unibertsitatera joateko eskubidea dutela aldarrikatzen segitzen dugu, tasa hauek ezin dira ezarri, bekak eta irakasleak mantendu behar dira...», esan zuen.

LAB sindikatuak ere sostengua adierazi zion atzoko greba eta mobilizazio egunari, ohar baten bidez. «Bestelako hezkuntza sistema baten premia dugun honetan, Lomce-ren aurkako greba saioan adierazitako aldarrikapenekin bat gatoz, eta bide batez poliziaren jarrera salatu nahi dugu».

Sortzenek ere atzo milaka ikasle euskal eredu propio baten alde eta Lomce-ren aurka kalera ateratzea txalotu zuen. «Beste urrats bat Euskal Herri mailan; hezkuntza komunitatearen gehiengoak abiarazi duen dinamika indartu egin da», nabarmendu zuen Sortzeneko eledun Garikoitz Torregrosak.