Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Euskal diasporaren inguruko Jon Bilbao katedra abiaraziko dute

Etxepare Institutuak martxan jarritako bosgarren katedra izango da Nevadako Renoko Unibertsitatean eskainiko den Jon Bilbao katedra. Urtero edo bi urtean behin eskainiko dute beka bat proiektu bat aurrera ateratzeko. Lehena Pedro Oiarzabalen «Memoria bizia» izango da.

Euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak Renoko Unibertsitatean abian jarritako katedra berriak. Jon Bilbao historialariaren izena eramango du, aurten betetzen baita Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Liburutegiaren eragilearen jaiotzaren ehungarren urteurrena.

AEBetan eskainiko den Jon Bilbao katedra Etxepare Institutuak martxan jarritako bosgarrena da. Lan horretarako, ezinbesteko hiru bidelagun izan ditu: Lakuako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, North American Basque Organizations (NABO) erakundea eta Deustuko Unibertsitatea.

Urtero edo bi urtetik behin irakasle batek beka bat jasoko du diasporarekin harremana duen proiektu bat aurrera eramateko, eta, lehendabizikoa, «Memoria bizia» izango da, Pedro Oiarzabal ikerlariarena. Lan horren baitan, bizirik dauden euskal immigrante zaharrenei elkarrizketak egingo dizkiete AEBetako 38 euskal etxerekin eta Kanadako beste birekin elkarlanean. Ostean, ahozko lekukotza horiek katalogatu, aztertu eta gorde egingo dituzte.

Denborak aurrera egin ahala, etorkinen belaunaldi zaharreneko kideak hiltzen ari dira, baita, bide batez, XX. mendearen hastapenetan Ameriketara joan ziren euskal etorkinen bizipenak ere. Oiarzabalen proiektua bi urtez luzatuko da eta lehentasuna euskaldun zaharrenek izango dute, nahiz eta euren seme-alabengan ere jarriko duten arreta.

Elkarrizketatzaileak Euskal Herritik eraman beharrean, Ipar Ameriketako euskal etxeetan bilatuko dituzte. Ostean, Oiarzabalen lana elkarrizketatzaileak formatu eta elkarrizketak bideratzea izango da. «Eurak protagonista izatea nahi dugu, baita beraiengan euren historiarengatik interesa piztea ere», azaldu zuen ikerlariak. Proiektuaren emaitzak, azkenik, euskal diasporaren ondare bizia biltzen duen Lakuako Urazadi egitasmoaren hirugarren atalean jasoko dituzte. Guztia ondo badoa, egitasmoa Hego Ameriketako euskal etxeetara zabaltzea da helburua.

Beste lau katedrak

Gainontzeko lau katedretan burutuko diren jarduerak aurkezteko ere aprobetxatu zuten atzoko aurkezpena Etxepare Institutuko kideek. Euskal ikasketei zuzendutako Chicagoko Koldo Mitxelena katedran, Miren Azkaratek euskararen berpizkundea eta azken urteetako hizkuntza politikak aztertuko ditu. Arteari buruzko Frankfurteko Eduardo Chillida katedran, berriz, Jonathan Wood Leedseko irakaslea eskultura garaikideaz eta espazioaz ariko da. Literaturen gaineko New Yorkeko Bernardo Atxaga katedran, iragana oroitzeak azken lau hamarkadetako euskal literaturan izan duen eragina aztertuko dute Iñaki Aldekoak eta Mari Jose Olaziregik. Azkenik, erbesteari buruzko Liverpooleko Manuel Irujo katedran, Xabier Irujok bere aitona zenaren gaineko ikerketa egingo du.