Idoia ERASO BAIONA

Herriko bozetan abertzaleek lortutako emaitzak baikorki baloratu ditu EH Baik

Euskal Herria Bai koalizio abertzaleak igandean egin ziren herriko bozen balorazio baikorra egin zuen atzo. Mila biztanletik gorako herrietan 100dik gora hautetsi lortu dituzte eta hurrengo sei urteetan 25 auzapez abertzale edo hurbileko joeratakoak izanen dira Ipar euskal Herrian.

Oraindik datu zehatzak lortzea zaila bada ere, aurreko legealdian ziren hautetsien kopurua bikoiztu egin dela erran daiteke. «2012ko hauteskundeetan lortu genuen hirugarren postua konfirmatu egin dugu. Horrek gure politikak sinesgarritasuna lortu duela erakusten du», baieztatu du koalizioko bozeramaile Peio Etcheverry-Aintziartek. Hurrengo hauteskundeei begira lan horretan segitzeko asmoa dutela ere gaineratu dute.

Aurreko herriko bozetan ez bezala, bigarren itzulian ere oso presente egon izana nabarmendu dute, eta horren arrazoia «elkarretaratzearen alde eginiko lanaren ondorioa» izan dela azpimarratu du Alain Iriart Hiriburuko auzapezak. Horren erakusle ona Uztaritzen lortu duten auzapez berria dela ere erran du.

«Abertzaleek herrietan osatu dituzten zerrendek indarra hartu dute eta indar erakustaldi gisa hartu dugu», adierazi du Etcheverry-Aintzartek, herrietako programen artean izan den koherentzia politikoa aipatu aitzin. Bide horretan, koalizioak eta bereziki Bil Gaiten dinamikak egindako lana goraipatu du.

Sozialistekin erdietsitako elkarlana ere aztertu dute abertzaleek. Esaterako, Hendaian garaipenera eraman duen aliantza nabarmendu dute. Alta, toki guztietan hori ez dela posible izan ere erran dute: «Borondate oneko sozialistekin elkartu gara eta mespretxatu gaituztenek galdu dute; horren lekuko adierazgarriak dira Baiona eta Angelu». Alain Iriart Hiriburuko auzapez abertzaleak, BABen izan duten jarrera negatiboa salatu du: «Ezagutzen ditugu hemengo hautagai sozialisten iritziak, baina ez dira aldatu negoziatzeko garaian ere».

Estatuan bezala, Ipar Euskal Herrian ere eskuinak izan duen gorakada aztertu dute. Koalizioaren aburuz, bozen bidez hautesleek kexu direla erakutsi diote Parisi.

«Berri txarra»

Manuel Vallsen izendapena ere hizpide izan dute abertzaleek: «Berri txarra da Euskal Herriarentzat», esan zuen gobernuburu berriari buruz.

Udal hauteskundeen biharamunean Alderdi Sozialistak pairatu duen bozen eta herriko etxeen galera horretatik ikasbidea aterako zuela uste arren, ez dela hala frogatzen du berri horrek, beren hitzetan. «Jarrera biziki bortitzak ditu Euskal Herriari begira, batez ere, ezagutza instituzionalaren aldarrikapenari eta bake prozesuari dagokionez», ziurtatu dute.

EH Baik eraberritze eta indartze prozesua abiatuko du heldu den aste eta hilabeteetan. Alderdietatik harago, mugimendu politiko egonkorra bilakatzea dute xede. Ildo horretan, militante eta abertzale oro dinamika berri horretan parte hartzera deitu dute.

Prozesu hori «era irekian» egin nahi dute, hots, afiliazio ezberdineko edo hori gabeko pertsonei zuzenduta.