Fernando Mijangos
KOLABORAZIOAK

Aldaketa klimatikoa eta hondakinak

Izugarrizko pena ematen dit, gure etxeetan materialak birziklatzeko egiten ditugun ahalegin guztiak egin eta gero, poltsa batean geratzen zaigun hondakin hori, gehien-gehiena (ia %100), organikoa dela ikusteak eta berau kontenedore batera bota behar izateak

Egun hauetan seguru harriduraz eta kezkaz beterik irakurtzen ari gara IPCC delakoak ezagutzera eman duen azken txostena, hain zuzen ere aldaketa klimatikoak Lurra planetan izango duen eragina, beroketa globala eragiten duena. Horrek dioenez, gosea areagotuko da, itsas mailak gora egin eta egingo du eta euriak gero eta maizago eta bortitzago gertatuko dira.

Nazioarteko erakunde honen lehendakariak, Rajendra Pachauri jaunak, esan duenez, «ez jakitea ez da dagoeneko aitzakia», eta gaur egun aldaketa honek eragiten dituen efektuak eta ondorioak nonahi antzeman daitezke; besteak beste, politika migratorioak, uzta gero eta urriagoak eta izotzaren urtzea. Aldaketa klimatiko honen aurrean IPCC honek neurri txiki eta eraginkor batzuk har ditzakegula esaten du, hala nola ur edangarriaren erabilera arrazionalagoa eta hondakinen prebentzioa. Honekin batera, nola ez, atmosferara botatzen dugun karbono dioxidoa murriztea eta antzekoak.

Gaur arratsaldean Bilboko Euskalduna jauregian Basque Centre for Climate Change BC3 delakoak liburu baten aurkezpena egingo du, -«Routledge Handbook of the Economics of Climate Change Adaption»; euskaraz horrela idatzi dute: Klima-aldaketa: inpaktuak eta egokitzapena-. Ekitaldi horretan, Anil Markandya katedradunak klima aldaketaren egokitzapenari buruzko azalpenak emango ditu ekonomiaren ikuspegitik, eta Nuria Oses doktoreak eta Iñigo Losada katedradunak (liburuaren egilekideak) aurkezpenak egingo dituzte gaurkotasun eta interes handiko gaiak hizpide hartuta; uholde-arriskuen kudeaketa eta kalteen balioespen ekonomikoa, eta klima-aldaketak kosta-eremuetan dituen inpaktuak. Bertaratzeko erreserba egin dut eta aukera izango banu, galdera xume batekin parte hartu nahiko nuke, BC3 honek antolaturiko aurreko saio batean egin nien galdera batekin: Ba al dauka zer ikusirik Hondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak ingurumenarekin eta aldaketa klimatikoarekin?

Burura etorri zait ere Iñaki Errazkin jaunak, Gipuzkoako Foru aldundiko Ingurumen diputatuak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian esandakoa: Gipuzkoa aitzindaria dela hiri hondakin organikoen kudeaketa eta tratamenduetan, hain zuzen, organikoa gaika biltzean konposta bidea guztiz irekia geratzen delako, hondakin organiko hauxe deuseztatzeko erregai fosilak gastatu baino, lehengai bihurtzen baitira berriz ere, eta karbono zikloa ixten delako inolako inpakturik gabe, inolako negutegi efekturik sortu gabe, inolako aldaketa klimatikorik eragin gabe.

Bizkaian, dakidan heinean, esperientzia berri batzuk berez agertzen ari dira, udaberrian perretxikoak berez agertzen diren bezalaxe; esperientzia hauek herri esperientziak dira, zarata egin gabe hedatzen ari direnak eta emaitza oso baikorrak lortzen ari dira; ea horiek suspertzen diren. Zertan datzan? Norberak beira, papera, plastikoa, latak, eta abar bere birziklatze-ontzira eraman ondoren etxean geratzen den organiko garbia herrian dauden leku jakinetara eraman eta bildutako organiko garbi horrekin konposta prestatzean, gero herriko ortuetan erabilia izango dena.

Izugarrizko pena ematen dit gure etxeetan materialak birziklatzeko egiten ditugun ahalegin guztiak egin eta gero, poltsa batean geratzen zaigun hondakin hori, gehien-gehiena (ia %100), organikoa dela ikusteak eta berau kontenedore batera bota behar izateak. Kamioiak laugarren kontenedore horretan ipinitako poltsak bilduko ditu eta Zabalgarbirako bidea hartuko du, non urtero berrehun mila tona erreko diren eta horiek erretzeko laurogei mila tona erregai fosil (gas natural) gastatu behar izango den, horrek suposatzen duen negutegi efektu, erregai fosilen erabilera, karbono dioxidoaren gehikuntza eta horrek eragingo duen aldaketa klimatikoari batere erreparatu gabe.

Batzuetan pentsatzen dut arazo globala, aldaketa klimatikoa, negutegi-efektua, hain handia ikusten dugula, ezen norberak ezin duela neurririk hartu pentsatzera eramaten gaituela; hau da, oso arazo handia da eta gu oso txiki txikiak; baina irakaslea naizenez, ikasle gazteez inguratuta nagoenez, jakin badakit ze nolako arreta ipintzen dioten etorkizunari, ze garrantzia ematen dioten ingurugiroari, ekologiari. Sarri eurekin batera ikasi eta konpartitu ahal izan dut filosofia bat: txikia ederra dela, txikia eraginkorra dela eta neurri «espektakularrik» hartu gabe nork bere bizian urrats txiki bat eginez izugarrizko eragina izan dezakeela.

Ez dut gehiago luzatu nahi; ea gaur arratsaldean Euskalduna jauregi horretan, aukera izanez gero eta nire urduritasunak bide librea ematen badit, goian kontatutakoa esatera ausartzen naizen. Ausartzen banaiz eta eran- tzuna jasotzen badut ez da seinale txarra izango.