Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Guediguian: «Trajez jantzi arren, ezin dugu ahaztu langile klasea garela»

Gizarteak aurrera egin ahala langileen egoera aldatuz joan da. Horren ondorioz, egungo langileak ez dira langile-klasearekin identifikatzen eta garai bateko kontzientzia alde batera utzi dute, Robert Guediguian zinema zuzendari frantsesaren esanetan. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko saria jasoko du bere film «A l'attaque!» eskaini ostean.

Robert Guediguian Marseillako zuzendariak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko saria jasoko du gaur, 19.30ean, «A l'attaque!» izenburuko bere lanak jaialdiari hasiera eman ostean, inaugurazio ofiziala «Circles» filmaren esku egongo bada ere. Sari honek zinema munduko pertsona batek bere ibilbidean giza eskubideen alde egindako borroka aitortzeko balio du, eta Guediguianek ezin hobeto betetzen du baldintza hori, 30 urtetan zehar horren inguruko istorioak kontatu baititu filmen bidez.

Atzo goizean egindako agerraldian, aipatu zuen zinema egiten daraman denbora horretan gizartea nabarmen aldatu dela eta langileek jada ez dutela garai bateko klase kontzientziarik: «Lehen buzoa eta trajea eramaten zutenen artean bereizten ziren klaseak; buzoa zeramatenak ziren langileak. Orain langile kontzientzia galdu egin da, ez dugulako ulertzen trajea jantzi arren, langileriaren parte izaten jarraitzen dugula. Nahiz eta bizi baldintza zailak dituzten, ez dute euren burua garai bateko langileekin identifikatzen. Nire filmekin hori aldatzen saiatzen naiz».

Hala, Marseillako eta bere auzoko enbaxadore bilakatu da, berak bertan gertatzen diren egoerak kontatzen ez baditu, inork ez dituelako kontatuko. «Harro nago ikuspegi horretatik begiratzen nautelako. 10 urte nituenetik beti nahi izan dut nire inguruaren bozeramaile izan; beraz, bide horretatik jarraituko dut». Kontatzen dituen istorio asko bera jaio zen langile-auzokoak dira eta film gehienak Marseilla dute agertoki.

Bere ustez, gizartearen eraldaketarekin batera giza eskubide berriak sortu dira. «Horiei buruz eztabaidatzea beharrezkoa da, berriak diren horiek babesteko», zehaztu zuen bere buruari «zinema egiten duen militantea» deitzea gustuko duen zuzendariak.

Urte hauetan guztietan egindako lanak Marseillako mugak gainditu ditu, eta gurean ere begirune handia diote asko. Horren adibide, Stop Kaleratzeak plataformak prentsaurrekoan ezustean egindako agerraldia; zinemagileak egindako lana txalotu zuten eta euren egoera azaldu ostean, kamiseta bat oparitu zioten, esker onez hartu zuena.

Honakoa ez da Guediguian Donostian den lehenengo aldia. Berak azaldu bezala, beste bost aldiz izan da gurean. Horietako batean, gainera, iraileko Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko lehian aritu zen «Mom père est ingénieur» lanarekin (2004). Gaur jasoko duen saria atzo eskuetan segundo batzuez eusteko aukera izan zuen -argazkian erakuts zezan- eta esan zuenez, gustuko duen garaikurra da, «gustu onekoa», aurretik zinema arloko profesional «onek» jaso dutelako.

Saria 2007an banatu zen lehen aldiz. Urte hartan Pilar Bardem aktoreari eman zioten, eta haren atzetik Elias Querejeta produktoreak, Jose Luis Borau zinemagileak, Goran Paskaljevic zuzendari serbiarrak, Kim Longinotto dokumental egileak, Iciar Bollain aktoreak eta Patricio Guzman zuzendariak jaso dute.

Bosniako gerrari begira

«A l'attaque!» (2000) filma 16.00etan eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian Europako Zinema Bidean zikloaren baitan. Ziklo honetako gainerako filmek bezala, doako sarrera izango du -Victoria Eugenia antzokiko leihatilan gonbidapena jasotzea ezinbestekoa izango da-. Xavier eta Yvan, nortasun kontrajarriak dituzten eta gidoilariak diren bi lagun, egungo gaiei buruzko gidoi bat idazten hasiko dira. Euren arteko liskarrak direla-eta, kontakizunetik aldendu, eta auto garaje baten istorioarekin korapilatuko da beren bizitza. Bertan bakoitzak bere lan zehatza du.

Komedia honen ostean, 19.30ean, Guedigianek Ustaritz Betelu artista donostiarrak okasiorako bereziki egindako saria jasoko du, eta gala txiki hori amaitutakoan «Circles/ Krugovi» sail ofizialeko lehenengo filmarekin ofizialki hasiko dute zinema jaialdia.

Srdan Golubovic zuzendariak eginiko lana da hori, Jugoslavia zenaren iraganari buruzkoa. 1993. urtean, Bosniako gerran Marko soldadu gazte serbiarrak bere hiru kidek Haris izeneko zibil musulman bat nola jipoitzen duten ikusten du. Amorruari ezin eutsita, Haris defendatzeko borrokan sartuko da. Bere helburua lortutakoan, bera jipoituko dute hil arte. Ondoren, 2008an, egoera horri aurre egin beharko diote Markoren aitak eta lagun batek.