Ane ARRUTI DONOSTIA
DONOSTIA 2016

Patronatuak babestu arren, konfiantza handiagoa nahi zuen Nogerasek

Proiektuaren blokeo teknikoa, zuzendaritza orokorrarengan konfiantza falta eta Donostia 2016 liskar politikorako elementu gisa erabili izana aipatu zituen Itziar Nogerasek bere dimisioaren arrazoi gisa. Itziar Elizondo komunikazio arduradunak ere dimititu egin du.

«Nire izendapenaren inguruko polemikaren aurrean egon zen babes faltarekin hasi zen arazoa, eta gailurrera iritsi da asteburu honetan prentsara patronatukideei soilik bidali zitzaien informazio konfidentziala filtratu denean», azaldu zuen atzo Itziar Nogerasek. Eta badirudi filtrazio hori izan dela gainezka egiteko behar zuen ur tanta.

Hasieratik zuzendaritza eta lantaldearekiko konfiantza falta egon dela salatu zuen, Patronatua osatzen duten lau erakundeek berak gidatutako proiektua aho batez onartu bazuten ere, eta horrekin batera, proiektuaren blokeo teknikoa eta Donostia 2016 liskar politikorako elementu gisa erabili izana aurkeztu zituen bere dimisioaren azalpen gisa. Bezperan Donostiako alkate eta Fundazioko presidente Juan Karlos Izagirreri behin betiko kargua uzteko asmoa jakinarazi ondoren egin zituen adierazpenok, azken zazpi hilabeteetan lanerako etxe izan duen Easo kaleko egoitzan.

Asteartean, Patronatuarekin egitekoa zuen bileraren aurretik bertako kideei abisurik eman gabe deitutako prentsaurrekoa azkenean bertan behera utzi izana «organo horrekiko begirunez» erabakia 24 ordu atzeratu zuelako izan zela azaldu zuen. «Ez nuen espero 24 ordu horiek nire izena eta ospea zikintzeko izango zirenik eta hala izan da», gaineratu zuen. Bere dimisioaren ondotik, atzo arratsaldean Itziar Elizondo komunikazio arduradunak -astearteko bileratik prentsaurrekoa bertan behera gelditu zela esatera atera zenak- ere bide bera hartu eta dimisioa aurkeztu zuen.

Goizean, Nogerasek irakurriz egindako adierazpenetan, proiektuaren blokeoa zuzendaritza kulturalari leporatu zion, bere «soslaia ez zaio 2016 proiektuaren ezaugarriei egokitzen eta hori arazo handia izan da zazpi hilabete hauetan», esan zuen. Galderen erantzunetan zehaztu zuen ez zuela Guadalupe Echevarriaren ibilbidea zalantzan jartzen, baina proiektuaren ezaugarriak ez direla bere profilarekin uztartzen.

Bakarra eta independentea

Blokeo hori askatzeko modu bakarra, Patronatua osatzen duten hiru alderdiak (Bildu, EAJ eta PP) ados jarri eta zuzendari orokor lanak egingo dituen pertsona bakar bat aukeratzea litzatekeela adierazi zuen gero, lidergoa izango lukeena erabakiak hartu eta lantaldea aukeratzeko. Izan ere, hirugarren arrazoi moduan, Donostia 2016 «alderdien arteko liskar politikorako elementu gisa» erabiltzen dela salatu zuen. «Elkarbizitzarako eszenatoki eredugarria izan beharko lukeen proiektua, baita alderdi politikoen artean ere, gaur egun elkarren kontrako arma bat da, mezu negatiboz irratiak, telebistak eta prentsa betetzen dituena, eta herritarrek proiektuarekiko duten ilusio eta lotura emozionala desagerrarazten ari dena».

Zentzu horretan, «El diario vasco» egunkariak igandean argitaratutakoaren harira, esan zuen ezinezkoa dela kalkulatzea Hiriburutzako lantaldeak eta eragile soziokulturalek azken hilabeteotan egindako lanari egin zaion kaltea. Filtrazioaren ondorioz, «sorpresa-efektua galdu da, programarentzat prestatutako komunikazio-plana hondatu da, eragileekin egindako kudeaketa eta negoziazioa izugarri zaildu da, hainbat proiekturen lan pedagogikoa hondatu egin da, zenbait proiekturen gauzatzea ere arriskuan jarri da eta Hiriburutzako lantaldearen eta eragileen gogoa zapuztu da», esan zuen. Horren ardura komunikabideei egotzi zien, ordea, eta ez filtrazioa egin zuenari.

Bestalde, bezperan «harrituta» eta «minduta» hitz egin zuen Juan Karlos Izagirre alkatearen hitzek «izugarri» harritu dutela esan zuen Nogerasek; «ez nuen espero», gaineratu zuen. Izagirrek komunikazio arloan autokritika beharra azpimarratu zuen, eta horri erantzunez, Nogerasek esan zuen bera oso gardena izan dela eta, Donostia 2016 proiektuak erabateko arrakasta izateko, adostasun politiko eta instituzionala eta fundazioaren independentzia ezinbesteko baldintzak direla.

«Nire dimisioak balio baldin badu proiektua babesten duten instituzioek erreakziona dezaten eta hain beharrezkoa den eta neuk hainbeste eskatu dudan akordio politikoa lor dadin, oso pozik noa», amaitu zuen.

Nogerasen adierazpenen ondotik, Patronatuko kideek Donostia 2016 proiektuarekiko duten konfiantza eta konpromisoa berretsi zuten. Ikerne Badiola Kultura diputatuaren hitzetan, «Nogerasen dimisioak sortutako krisiak irtenbide bakarra du: elkarrekin aurrera egitea. Patronatuak, instituzio guztiek, bat egin behar dugu, hiriburutzaren erronka arrakastatsua izatea nahi badugu. Itziar Nogerasek salatu duen alderdikeria gezurtatu nahi badugu, hemen dugu aukera, denok elkarrekin indarrak metatu behar ditugu gelditzen zaizkigun hogei hilabeteetan». Alkateak ere Nogerasek aurkeztutako proiektua «oso ona» dela berretsi zuen, eta horrekin lanean jarraituko dutela.

Patronatua gaur, 12.30ean, bilduko da Diputazioan urgentziazko erabakiak hartzeko. Nogerasen postua nork eta nola bete adostu beharko dute, baita organigrama berria eta bakoitzaren funtzioak nola gelditzen diren, Izagirrek hainbestetan errepikatutako «egonkortasuna» lortzeko. Komunikazioaren ardura ere nork hartuko duen zehaztu beharko da. Madrilgo ordezkaritza ezingo da Donostian izan «agenda arazoak» direla-eta, interpretazio okerrik egon ez dadin atzo Ministerioak jakinarazi zuenez.