2014/04/04

Uharten altxatuko du Sortzen-ek euskal eskolaren aingura, egun osoko jaian
GARA
P019_f02_138x100

Uhartek hartuko du maiatzaren 18an Sortzen Ikasbatuaz-en jai nazionala. Bi hamarkada luzez Iruñeko Takonera parkea izan dute irakasle, guraso, langile eta ikasleek bestaren gune. Azken bi urteotan, ordea, udaberriko ekaitzek ez diete utzi euskal eskolaren aldeko lana behar eta nahi bezala ospatzen. 2012ko jaiaren ondotik, ura lepoan, ezin izan zioten egitarauari eutsi eta Txantreako kaleetan hartu zuten ostatu. Aurtengo ikasturtea ekonomikoki itota abiatu zuten, itsaso zakarrean flotatzeko baltsa bakar moduan kideen babesa zutela... harik eta Uharteko piraten txaluparekin topo egin zuten arte.

Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, Takonerako lorategiak atzean utzi behar izatea ez da erabaki erraza izan, baina horretarako arrazoiak argiak ziren: «Elkarte gisa ezingo genioke beste ekaitz bati aurre egin. Eta animo aldetik ere, beharra dugu gurea gure kideekin batera ospatzeko», erran zuten.

Uharteko piratek unitate didaktikoa prestatu dute eta Tipu pirata (aurtengo jaiaren maskota) zazpi itsasoetan ari da hura zabaltzen. Bidaia horretan, Oihana Fernandez (Afu), Enrike Villareal «El Drogas» eta herriko eskolako haurrak izan dituzte lagun. Xabi Zabalaren irlan geldialdia egin dute besta alaitzeko kantua grabatzeko.

Maiatzaren 18rako ilusioz gainezka daude. Egitarau zabala prestatu dute, hiru gunetan banatuta: Haxitxo, txikienek gozatzeko; Txantxu, gazteentzako tailer eta kontzertuekin; eta Tipu, familia osoarentzako emanaldiekin.