Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

«Come as you are»

Ez dute deus berririk asmatuko beharbada, baina Kurt Cobainek bezala, handik eta hemendik entzundakoa hartu, desegin eta berrasmatzen dihardute. Hori baita sormena. Hori baita musika. Hori baita rocka

Pistolarik ez zuela agindu zuen. Gezurra esan zuen. Bere laguna, bere etsaia, bere burua baitzen. Kurt Cobain memoria besterik ez da orain. Baina memoria bizia, gaurko egunetaraino iristen den itzal luzearekin. Apirilaren 5ean bete ziren hogei urte bere buruaz beste egin zuenetik eta handik hiru egunera aurkitu zuten hilda. Belaunaldi baten sinbolo bilakatu zutena joan zen. Esana zuen inoiz, nahiago zukeela izar izaten erakutsi izan baliote, baina ez zuen lortu presioari aurre egitea.

Ordutik, Cobain eta Nirvana rockaren mito bilakatu dira beste asko bezala. Eta mitoek gezur erdietatik eta egia puztuetatik asko izan ohi dute. Asko hitz egin izan da bere umiltasunaz edo bere moldaezintasunaz. Baina ukaezina da Nirvanak garaiko gazte eta nerabeen sentimendu garratzei ahotsa jarri ziela. Edo hori pentsatzeko bidea eman dezake izan zuen arrakastak. Bidegabea litzateke meritu guztia musikaren industriari ematea. Frustrazioaren eta etorkizun beltzaren oihu izan zen Cobainen ahots garratza. Paradoxa ere bada bere horretan.

Musikaren industria laurogeiko hamarkadaren amaieran talentu berrien bila ibilia zen. Metala gainbeheran zen, punkaren olatuak gora bezain azkar egin zuen behera. 60 eta 70. urteetako rockaren dekonstrukzio eta nahasketa garaiak ziren. Asmatu baino, erreferentziak hartu, desegin eta berreraikitzen ari ziren, Nirvana bezala. Zarataren eta -Gorka Urbizuri hitzak lapurtuz- itsaso uherren sasoia izaten ari zen, pop melodien amuarekin. Nork imajinatuko zuen underground mugimendu hark izango zuen leherketa eta hedapena 1991ko urria baino lehen.

Hamasei urterekin ezagutu nuen nik Nirvana. Cobainen bizitzak eta mitoak txundituta ia adikzio bilakatu zen niretzat Nirvanaren hitzak eta musika aztertzea, euren eraginak deskubritzea. Eta horri zor diot gaur egun nire erreferentzia nagusi diren beste hamaika talderen deskubrimendua. Hasi hardcorearen gordintasunetik eta hasierako metalaren irmotasun iluneraino.

1994ko apirilaren 5aren ostean, asko izan ziren talentu handi haren heriotzaz gain, rock alternatiboaren heriotza predikatu zutenak ere -rockaren historian behin eta berriz errepikatu den gezurra, bide batez-. Eta egia da, rock zikinak ordutik ez duela gazte masen libidoa pizteko besteko usain indartsurik bota, ez dela masa kulturaren mainstream-ean entzuten den nota nagusia. Baina, hilkutxan sartu baino, estoldetan jarraitzen duela esatea zuzenagoa delakoan nago.

Nirvana izarretara eraman zuen industria gainbeheran ei dago, baina asko dira periferietan musika sortzen ari diren rock zaleak. Euskal Herrian bertan dugu horren adibiderik argiena, eszena underground indartsuarekin. Bitarteko gutxirekin sarri- tan, baina ehunka musika talde ari dira sortzen. Euren begiko taldeen erreferentziak hartuta, batzuk imitatu nahian, besteak esentzia harrapatu eta birsortzen. Ez dute deus berririk asmatuko beharbada, baina Kurt Cobainek bezala, handik eta hemendik entzundakoa hartu, desegin eta berrasmatzen dihardute. Hori baita sormena. Hori baita musika. Hori baita rocka.

Artikuluaren titulura itzuliz, sortzen duzun hori, zu zaren hori izatea da. Zatoz. Prest gaude.