N.B. DONOSTIA

Karlos Linazasorok 1.000 aforismo bildu ditu «Alferrik ez balitz» lanean

Lau urte eman ditu Karlos Linazasorok aforismoak idazten. Lasai zegoenean, gainontzekoak eguerdiko lo kuluxka egiten ari zirenean, horretarako tarte bat hartzen zuen burura etortzen zitzaizkion ideiak jasotzeko.

1.000 aforismo biltzea lortu du eta horiekin «Alferrik ez balitz» liburua kaleratu du Elkar argitaletxearekin. Aforismoak ez dira poemak, baina Elkarrek genero horri eskainitako sail berezirik ez duenez poesia sailean kokatu dute. Atsotitzak edo esaera zaharrak ere ez dira, idazleak berak aurkezpenean azaldu bezala: horiek dogmatikoak dira; eta aforismoek, aldiz, bere iritzia bildu, besterik ez dute egiten.

Hala ere, nobelari gailentzen zaiola uste du. «Nobelak futbol partidu bat badira, aforismoak penaltiak dira. Penaltiak beti dira partidu osoa baino zirraragarriagoak», esan zuen umoretsu.

Erdi txantxetan esandako gauzekin jarraituz, aipatu zuen bere liburu hau arrakastatsua izan behar dela halabeharrez gaur egungo erritmoarekin. «Orain Twitter modan dago, eta bertan 140 karaktere idazten dira. Ez dut ulertzen jendeak nondik ateratzen duen denbora trilogiak eta horrelako liburu nazkagarriak irakurtzeko. Hauekin ez duzu zertan engantxatu; egunean 20 irakurriz gero, 50 egunerako duzu. Mila hauetatik denek ez dituzte guztiak gustuko izango, noski», gaineratu zuen.

Linazasororen iritziz, aforismoak idazteko izan behar diren ezaugarriak hiru dira: begirale ona izatea inguruko guztia ikusteko, ingenioa izatea eta «gaixtoa izatea, `X'-arekin idazten dena». Aforismoen ordenari dagokionez, ez du inolako sailkapenik egin, bere burutik atera bezala zerrendatu ditu, «horrela irakurleak ez daki zein izango den hurrengo gaia», azaldu zuen.