Okela Sormen Lantegia abian da, Bilbon behetik hazitako bestelako eredu kultural bat zabaldu asmoz

San Frantzisko kaleko 11. atarian du egoitza kultura ofizialari aurre eginez bestelako kultura eskaintza bat eraikitzeko mugarri izan nahi duen egitasmoak. Lau emakume artistak sortua, euskara ere ardatz du.

Bilboko San Frantzisko kalean, behin harategi izan zen tokian, ateak zabalik ditu dagoeneko ikuskizunaren kulturatik haragoko beste eredu bat eraikitzeko mugarria izan nahi duen Okela Sormen Lantegiak.

Leioako Arte Ederren fakultatean ikasitako Nora Aurrekoetxea Etxebarria (Bilbo, 1989), Irati Urrestarazu Zubizarreta (Altsasu, 1989), Miren Jone Ernaga Artzelus (Burlata, 1986) eta Izaro Gonzalez Ieregi (Algorta, 1987) dira, zenbait gabeziak zein nahik bultzatuta, egitasmo berri honen sortzaileak.

Adin ezberdinetakoak izan arren, ikasketak zirela medio eta hainbat proiektutan elkarrekin parte hartu izateagatik, ezagutu zuten elkar laurok: «Proiektu kolektibo bat aurrera ateratzeko ideia sortu zen, bai espazio baten beharra geneukalako norbanako lanak aurrera ateratzeko, bai kultura eskaintza bat eraikitzeko nahi komuna genuelako. Hau da, genituen gabezietatik eta nahietatik -erakusketak egiteko toki falta, espazio euskaldun bat izatea- abiatu ginen Okela egiteko», azaldu du Izaro Gonzalez Ieregik.

Ikuskizun kultura ofizialetik kanpo eskaintzeko gutxi duen hirian arnasa hartzeko aterpetxea da Okela Sormen Lantegia: «Badira diziplina batzuk jendartean sustraituago daudenak, baina ematen du ikus-arteak, arte plastikoak, beste esfera batean garatzen direla, jendearengandik urrun; baina gauzak ez dira horrelakoak: artistak ere herritarrak gara, eta arte mundu horrek zein artistek herriarekin hartu-emanak izan ditzatela nahi dugu», argitu du Izarok.

Beste auzoetan baino merkeagoak dira alokairuak tokien %60 hutsik dagoen San Frantziskon, eta hala, leku bat eskuratzeko aukera gehiago zituzten bertan, baita artean murgiltzen diren beste egitasmo batzuk ere: «Egia da auzoan mami bera duten lokal asko daudela, eta gu oso pozik gaude auzo honetan: alde batetik, herritarrek emandako erantzuna oso ona izan baita, horrelako proiektuei oso irekita daudelako; eta, bestalde, gurea bezalako proiektuekin harremanetan jartzeko eta sinergiak sortzeko leku oso aproposa delako».

Ez da ohikoa euskara nagusi izatea arte munduan, are gutxiago proiektuaren ardatza izatea: «Artista euskaldunak gara, eta ikusten genuen gabezia hori. Mundu honetan, espainolera zuzendutako tokiak eta proiektuak dira nagusi, euskara bigarren mailako hizkuntza delarik. Nahiz eta arteak berak ez duen hizkuntza bat, argi genuen euskara izan behar genuela ardatz».

Lan egiteko edota erakusketak egiteko tokia ez ezik, artisten topagunea izan dadila nahi dute Okelakoek. Euskal artisten sarea eratzea ahalbidetzeko meeting pointa sortu dute, bertan artistek euren lanak eta diskurtsoak zabal ditzaten. «Bestalde -dio Izarok- jardunaldietan parte hartuko duten artisten fitxategia osatuko dugu. Bideo elkarrizketa bat eginez eta beraien datuak webgunera igoz, honela euskal artisten mapa birtual bat eraikitzen joango gara».