GARA

Gipuzkoa «eraldatzen» jarraitzen duela nabarmendu du EH Bilduk

Gainerako alderdi politikoak dagoeneko hauteskunde kanpainan sartuta daudela iritzita, Gipuzkoa «eraldatzen» jarraituko duela adierazi du EH Bilduk. Donostian bildu ziren atzo koalizioko kideak, aurrera begira garatu beharreko proiektuak zehazteko asmoz.

Gipuzkoako EH Bilduko hamarka hautetsi eta militante bildu ziren atzo Donostian, legegintzaldian zehar egin duten lanaren berri eman eta aurrera begira koalizioak herrialdean garatu asmo dituen proiektuak zehazteko. Atzo arte herrietan aurrera eramandako esperientziak oinarri hartuta, elkarrengandik ikasteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Ainhoa Beola koalizioko kidearena izan zen ekimeneko mintzaldi nagusia. Berak adierazi zuenez, datozen maiatzeko foru eta udal hauteskundeei begira kanpainaurreari ekin diote dagoeneko gainerako alderdiek. «EH Bilduren alkate, zinegotzi eta diputatuak, aldiz, lanean jarraitzen dugu, Gipuzkoa eraikitzen jarraitzen dugu, proiektu zehatzetan ari gara lanean, herritarrekin batera, eta horrela izango da datozen hilabeteetan ere», adierazi zuen.

Eredu aldaketaz hitz egin zuen Beolak, eta adibide gisa, koalizioak azken hiru urte hauetan abian jarri dituen 300 partaidetza prozesuak aipatu zituen, «eta oraindik geratzen direnak!». Gainera, aurreko legealdian egin ziren prozesu parte hartzaile guztiak «esku bateko behatzekin» zenbatu daitezkeela esan zuen.

Enplegua eta ekonomia

Datozen aste, hilabete eta urteetan EH Bilduk jorratuko dituen bide eta proiektuei dagokienez, lehentasuna enplegua sortzea eta ekonomia sustatzea izango dela zehaztu zuen. «Horretarako, alde batetik, bizitza eta bere zaintza eredu ekonomikoaren eta sozialaren erdigunean jartzen ari gara. Eta bestetik, ingurumenarekin orekan dauden jarduera ekonomikoak bultzatzen ari gara», zehaztu zuen.

Horixe baita, Beolaren iritziz, EH Bilduk sustatzen duen ereduaren oinarria: «Tokiko garapena ardatz hartuta, bizitza duinean eta ingurumenarekiko errespetuan ezinbesteko faktorea delako gertutasuna».

«Bidea hasi besterik ez da egin. EH Bilduk Euskal Herri osoan gertatu behar den aldaketa politiko eta sozialean buru izan nahi du. Subiranotasunaren bidetik gure estatu propioa eraikitzera goaz, eraikitzen ari gara, ezkerretik eta herritarren mesedetan», nabarmendu zuen Beolak beste alderdiak «disimulurik gabe» jadanik hauteskunde kanpainan eta «etengabeko liskarrean» daudela esan aurretik. «EH Bilduk Gipuzkoa eraikitzen jarraituko du», berretsi zuen koalizioko kideak.