GARA DONOSTIA

Iraunkortasuna txertatu nahi dute sukaldean Aldundiak eta BCC-k

Basque Culinary Center-ek (BCC) eta Gipuzkoako Aldundiak garapen iraunkorrari eta hondakinen kudeaketari buruz iaz izenpetutako hitzarmenaren baitan urrats berri bat egin zuten atzo. Akordio horri esker, elkarlanean arituko dira sukaldaritza-negozioen eguneroko kudeaketan iraunkortasuna txertatzeko, ingurumen, gizarte eta ekonomia inpaktua txikitze aldera. Hondakinen gestioa, hornitzaile berriak eta energiaren aurreztea ere landuko dira, besteak beste.

Norabide honetan, sukaldaritza-garapen iraunkorrari buruzko 1.100 gida banatuko dituzte lurraldeko jatetxeetan. Esku-orriek praktika asko jasoko dituzte, nork bere negozioan aplikatzeko eta enpresak iraunkorragoak egiteko.

Zero zabor filosofia ardatz duen ekintza bat ere aurreikusten du akordioak. Hala, irailean zehar, bere negozioan iraunkortasun-eredu aitortua erabiltzen duen nazioarteko sukaldari baten hitzaldia entzuteko aukera izango da, baita iraunkortasunarekin lotutako beste lau hitzaldi. Guztiak doan izango dira, bai BCCko ikasleentzat, baita kanpotik gerturatzen den entzule ororentzat ere.

Jatetxeen negozioan dihardutenek berariazko prestakuntza izango dutela iragarri zuten atzo, gestio-irizpide iraunkorren ezaguera areagotzeko. Horretarako, BCCk bi ikastaro emango ditu, bata ekainean eta bestea azaroan.