Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Izateko eskubideaz

Aberriak igandean ospatuko du bere eguna eta milaka abertzalek beteko dituzte independentzia nahiaz jantziko diren Iruñeko kaleak. Erabakitzeko eskubidearen aldarria, estatu subirano gisa errespetatua izateko eskatzen duen nazio zaharraren egunean.

Ez da hau izanen, baina, hilabete honetan Iruñeak erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko duen egun bakarra. Jende andana bildu zen iragan apirilaren 5ean abortuaren aldeko manifestazioan, emakumeek ama izan edo ez izan erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Abortatzeko eskubidearen aldarria zaharra da oso eta gainditutzat ematen genuen borrokak berriz ere protagonismoa behar du, orain 30 urteko testuingurura bueltatuz. Aldarrikapen honekin bat egin dute beti emakume lesbianek ere, mugimendu feministaren partaide gisa eta borroka propioak dituen kolektibo berezi gisa ere. Azken egunotan, baina, badira kexu agertu zaizkidan hainbat emakume, lesbianak ama izateko eskubidearen borrokan bakarrik daudela esanez eta feminista heterosexualen babes falta sumatzen omen dutela. Emakume bat bere borondatearen kontra ama izatea salatzen den bezala, ama izan nahi duen eta zailtasunak besterik topatzen ez dituzten emakumeen eskubideen aldarria ezin da baztertu. Opusek gobernatzen duen Nafarroa da, gainera, eskubide urraketa horren adibide garbia.

Estatu berri bat aldarrikatzen dugun askok errotik eraikiko den estatua nahi dugu aldarrikatu. Berdintasunezko orubean ezarriko diren egitura politiko, ekonomiko eta sozial justuetan eraikitako jendartea osatuz; eta horretan, denok behar dugu kabida izan.