Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Sindikalismoaren izaera sozioekonomikoaz

Elkarlan esparru zahar-berriak indartu behar dira, ondokoa entzun eta aitortu behar da. Erresistentzia hutsa, behatzaile jarrerak, distantzia eta purismoak alboratzeko garaia da

Euskal sindikalismoa testuinguru zail baten aurrean dago, politika neoliberalek bere gaitasun politiko eta ideologikoa higatu ditu. Politika berberek langilea indibidualizatu, ordezkaritza eta babes sindikala izateko aukerak mugatu eta sindikalismoak langileen defentsarako zituen bideak eta bitartekoak ahuldu edo desagerrarazi dituzte. Ahultze prozesu horrek sindikatu guztiengan eragin du, izaera eraldatzaile eta borrokalaria duen euskal sindikalismoan barne. Kapitalaren ofentsiba honen barnean, aberastasuna eta boterea esku gutxitan metatzen den bitartean, langilearen ahalmen ekonomikoari eraso eta enpleguaren, lanaren eta eskubideen prekarietatea zabaldu egin da. Ahultze prozesu honek izaera dialektikoa du, klase borroka basati baten testuinguruan, sindikalismoak bere funtzio historikoari modu zintzoan eusten badio, ekintza eta egitura sindikalak indartzeko eta berritzeko aukerak sor daitezke.

Sindikalismoak langilearen eta lanaren duintzea ere izan behar ditu helburu. Horrek langileak egiten duen ekarpen sozialaren balioa eta lan horrek eragiten dituen kostu zein etekinen kontzientzia osoa bereganatzea ekarri behar du. Euskal sindika- lismoak eredu ekonomiko eta sozialaren edukian eragiteaz gain, langilearen kontzientzia eta inplikazio soziopolitikoa bilatu behar du, beraz. Euskal sindikalismoak etsai eta arerio gogorrak ditu aurrean. Egun, klase boterea administrazio publikoetan islatu eta bertatik politiken eta arauen bidez kudeatzen da, ekonomiaren eta jendartearen demokratizazioa urrunduz. Neoliberalismoak komunitateek beren eredu ekonomiko eta soziala garatu ahal izateko ezinbestekoa duten buruja- betza politikoa errotik mugatzen du. Ofentsiba honek izaera dialektikoa ere badu, gero eta herritar zein sektore ekonomiko gehiago politika hauen sufritzaile direnez, Euskal Herria proiektu eta babes komunitatea bihur daiteke sektore hauentzat. Konbentzitu behar ditugu.

Zailtasun horien aurrean, euskal sindikalismoak aktibo bilakatu behar ditu burutzen ari garen prozesu politikoaren erronkak: euskal jendartearen demokratizazioa ekarriko duen konponbide prozesua bata, 3 eremu administratiboen trantsizio politiko eta ekonomikoa bestea. Euskal Herrian egun gauzatzen ari den eztabaida politiko eta ekonomikoa erreforma frankistaren testuinguruan bizi izandakoaren antzekoa da. Honek, garai hartan bezala, ikuspegi luzeko estrategia zehaztea ekarri behar du. Euskal sindikalismoak bere ezaugarri soziopolitikoak indartu behar ditu norabide horretan, bere izaera propioa eta autonomoa mimatuz, baina aldaketaren alde egingo duen mugimendu zabalago baten baitan egituratuz. Ez dago besterik, trantsizio politiko eta ekonomiko honen bidez agertoki demokratiko bat ekartzea lortu nahi bada. Elkarlanerako esparru zahar-berriak indartu behar dira, ondokoa entzun eta aitortu behar da. Erresistentzia hutsa, behatzaile jarrerak, distantzia eta purismoak alboratzeko garaia da. Konpromisorako eta aldaketaren alde dagoen gehiengo soziala eraginkor bilakatuko duen praktika politiko eta sindikalerako garaia da.