Asun AGIRIANO
HAUR LITERATURA

Berrirakurketa (eta II)

Aurreko haur-literatura iruzkinean Anthony Browneren «Basoan barrena» albumaren inguruan jardun genuen, autore horrek egindako Txano Gorritxoren berrirakurketa zela eta.

Oraingoan bi euskal egileren liburua aurkeztuko dugu, hau ere album ilustratua, formatu handikoa, Denonartean Nafarroako argitaletxeak kaleratua. Adi! «arte» hitza eurek azpimarratzen dutela konturatu baikara derrepentean.

Ideia berriekin dator kontakizuna, dohain magikoak dituen neska bat dugu protagonista, eta, zapata gorriak jantzita ibiltzen delako, Zapatagorri izena jarri dio idazleak. Bere adiskide literarioa den Otsoa ere interesgarria egiten zaigu, limurtzailea bai, bertsio klasikoan legez, baina sakelako telefono eta guzti erraz egokitu da egungo gizartera. Berrikuntza bitxi gehiago ere bada: Zapatagorrik, basoan barrena doala, loreak bildu beharrean, perretxikoak jasotzen ditu, eta horrela galtzen da.

Añorgak eta Mitxelenak elkarrekin arituta liburu ugari eskaintzera ohitu gaituzte, eta narrazio honetan Perrault-en ipuin ezagunaren bertsio eguneratua dakarkigute. Idazlea kontalaria ere badela antzemango dugu, adibidez, istorioaren erritmo bizian. Baita, altuan irakurriz gero, ahotsaren indarra non jarri behar dugun letra larrietan adierazten digulako ere, OTSO BELDURGARRI bat, SOKORRO, LAGUNTZA hitzak ozen ikusten dira paperean.

Irudiek dute aparteko indarra: koloretsuak perretxikoak, hori-horiak, orrialdean gainezka egiteraino; beltza basoaren iluntasuna, non beldurra den nagusi; gorriak zapatak, eta gorria paisaia, otsoa gertu dabilenean. Ikusgarria eta beldurgarria. Bikain uztartuta testua eta irudia. Album ilustratu formatuak ederragoak egiten ditu Jokin Mitxelenaren ilustrazioak, umeen irudimena areagotuko dutenak.

Perraulten ipuinean ez bezala, kontakizun honetan bukaera zoriontsua dugu, perretxiko-tortilla eginez ospatzen du familiak arriskua gailendu izana, basozainak otsoa zerraldo akabatu izana. Grimm anaiek moldatu zuten amaiera goxoa nahiago du Añorgak ipuina kontatu eta idazterakoan. Ekarpen bereziena otsoaren desmitifikazioan datza: egungo garaietara jauzi eginez, otsoaren larruaren azpian ezkutatzen dena GIZONA dugulako. Horixe da istorio honen berrikuntzarik deigarriena.

Otsoz mozorrotutako haur-lapurra dugu gaizkilea, haurrei, eta bereziki neskatoei, erne ibiltzeko abisua egiten diena (eta honetan ere Perraulten irakaspen berdintsua genuke). Eskerrak Zapatagorrik arineketan majo egiten dakiela, ausarta eta kementsua dugula. Eta, gainera, sukaldaria! Liburu honek klasiko baten berrirakurketa interesgarria dakar, modu dibertigarrian haurrari mundua ulertzen lagundu diezaioke. Mirjam Pressler idazle alemanak horrela zioen: «Bizitza arriskutsua da. Horregatik da hain garrantzitsua gatazkak ere ondo ezagutzea, gertaera desatseginak barne, gure jarrera moldatu eta aldatzen joan ahal izateko. Aukera horiek liburuek soilik eskaintzen dizkigute, ezen bizitza errealak ez baitu hainbeste aukera parean jartzen».