Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Oraina eta lehena

Ton tototon ton, tutu tuturutu... prozesioak nonahi. Hor doaz fededunak, geldika, nor berean. Ama, ama! zelan aldatu diren prozesioak! Oraina eta lehena! Klima aldaketaren seinale, hondartza helburu, prozesioa helbide. Omen, amen. Lehen ez bezala orain prozesiorik inportanteenak, jendetsuenak, aurretiaz prestatuak, telebista erakartzen dutenak... errepidean ematen dira, ez kalean. Baina fededunak fededun, beti ere. Lehen, pausoa eramaten zuten, lepoan eraman ere, mantso-mantso, ton tototonka, tuturutuka, tipi-tapa geldi neurtuan, ama birjinak eta santuak gogoan... prozesioa autofede hartuta. Gaur, berriz, autoaren barruan doaz fededunak, pausorik eman gabe errepidetik doaz geldi, askoren amak eta denon santuak gogoan hauek ere, kawenka gogoan hartu ere. Sinesten zaila bada ere, ez dute oraingoan abiadura lehenesten, bai zera! ez eta denbora bera ere, espazioa baizik, distantzia. Metroak irabazi, tipi-tapa geldian.

Butxadurak nonahi, kristorenak gainera, sasoiak eskatu bezala, Meteosat lekuko. Errepide horiei kapazitate handiko esaten zaie, eta egunotan ulertzekoa da gero! Zenbat auto sartzen diren hor! Gure beheko Estatuko epaitegi nagusitik atera baino gehiago! Kapazitatea behar gero fededunek oporrak hortxe emateko! Gutxienez inguruan obra handiren batzuk baleude, denbora horiei begira emateko! Amen. Lehen autoan fededunek maleta eramaten zuten, eta ogitarteko bana, biderako; orain, ostera, telebista, pianoa, ogia egiteko labea, plater-garbigailu eta guzti... badaezpada ere, heldu aurretik itzulera operazioak hartuko dituen beldurrez. Pasio astea, bai!

Baina badira, izan, hemen gelditzen direnak ere, bestelako pasioak helburu. Bestelako fedeko fededunak. Egon, denetan dagoelako bestelakorik. Horra, Iruñeko kale nagusietan tipi-tapa neurtuan prozesu baten aldeko prozesioan. Euskal bidea diote, euskal bideak esan beharko, aberastasunez. Handik urrun, denetan urrun, beste fededun batzuk, bestelakoak, dira gaur ere biltzeko, aulki eta guzti, urtean behingo zelaia plaza bateko zementura ekarrita. Ez! hauek ez dira bilduko, ez horixe gero! batuko baizik, plaza batzoki hartuta, euskal biribilgunea aldarrikatzeko. Eta orduan jakingo dugu engainuan izan gaituztela, Q kalitatekoa zela esan eta bai zera! sukar mota da!