2014/04/24

Xanti Begiristain Madotz
Auritz
Antonio Lopez jaunari

Agur eta erdi, Antonio. Apirileko «Mailope» aldizkarian jakin dut pixka bat zure berri. Baina, jarraitu baino lehen, aurkeztuko dizut nire burua, laburki bada ere: Etxarri Larraungoa nauzu, irakasle erretiratua eta ia betidanik kezkatu izan nau nafarren hizkuntzarik zaharrenaren egoerak.

«Mailope»-n irakurri dudanez, oso bizimodu lanpetua daramazu. Eta Zumarragakoa bazara ere, ez omen zizuten euskararik irakatsi, zerorrek kontatutakoaren arabera. Ez zara lehenengo kasua eta denok dakigu egon daitezkeela hamaika arrazoi gertaera hori azaldu eta justifikatzeko. Urrutirago joan gabe, ni nauzu kasu horietako bat eta, gainera, zuk oso ongi ezagutzen dituzun bi pertsonari esker -Jesus Jaimerena eta Juan Migel Etxarri, alegia- hasi nintzen euskara ikasten; gerora, bizitza osoan jarraitu dut jarrera bertsuan, ongi samar jakin arte. Badakizu zer dioen esaera ezagun batek: nahi izatea da ahal izatea. Denok dakigu hau ez dela erabat egia, baina zati handi bat bai, egia da.

«Niri euskaraz egiten jakitea gustatuko litzaidake, konturatzen bainaiz eskualde honetako herri askotan beharrezkoa dela», diozu «Mailope»-ko pasarteetako batean. Guztiz bat heldu naiz iritzi horrekin, alegia, euskara beharrezkoa dela, horretxegatik animatzen zaitut berriz ere euskara ikasten jarraitzera. Gogora ezazu goragoko esaldiaren mezua eta, kontuan hartu, denbora norberak aukeratzen duela nola erabili; bizi artean dugu tenore aparta.

Zure karguengatik, eta egunero-egunero haur, gazte, heldu eta zaharrekin harremanak izan behar dituzulako, nik uste dut euskara ez duzula bakarrik beharrezkoa, baizik eta ezinbestekoa; bestela, nahi eta nahi ez eta ezinbestean eginen duzu zure eskualdeko euskaldunekin (Lekunberri, Larraun, Betelu, Araitz) Juan Carlos Moreno Cabrera Espainiako hizkuntzalari ospetsu, jakintsu eta errespetatuak dioena, hau da, hizkuntza inperialismoa eta hizkuntza kolonialismoa.

Aupa, eutsi goiari eta Jaungoikoak lagun diezazula euskara ikasten! Badakizu Harentzat ez omen dagoela gauza ezinezkorik; beraz, esan liteke, borondate ona baldin baduzu, segurua dela zuk euskara bikain ikasi, eta gero sermoiak hizkuntza horretan bat-batean eman ahal izatea, zuk gustukoa duzun bezala. Izan ezazu uste osoa Jainkoarengan eta lortuko duzu! Ala ez?