GARA DONOSTIA
ZIENTZIA

Internetek ditu zientziari buruzko albisteak barreiatzeko giltzak

Irudikatu, tarte txiki batez bada ere, Internetik gabeko egunerokotasuna. Zaila, ezta? Are gehiago, akaso dagoeneko imajinaezina, Eustatek jakitera eman dituen datuak aintzat hartzen baditugu: 2013an EAEn 15 urtetik gorako biztanleriaren %65,8k erabiltzen zuen sarea, aurreko urtean baino zortzi puntu gehiago. Koiuntura adierazle hauek ere aipatzen zuten %66,9k Internet zuela.

Eustateko datuez gain, Umap-ek biltzen dituenak daude. Egitasmo honek Twitterren euskaraz diharduten erabiltzaileen jarioa jarraitu, bildu, iragazi eta aztertzen du, adierazle esanguratsuak eskainiz.

Horren harira, artikulu interesgarria sinatu dute Zientzia Kaiera gunean (zientziakaiera.com) Uxune Martinez eta Jon Mattin Matxain ikerlariek, ondorengoa baieztatuz: erabiltzaileek zein iturriko informazioa partekatzen duten jakin badakigu, baina ez, ordea, zeintzuk diren partekatzen diren gaiak.

Hain zuzen, hutsune hori betetzeko asmoz ekin dio hausnarketari Arkaitz Zubiaga ikertzaileak, hauxe ondorioztatuz: «Jendeari, zientziari eta musikari buruzko albisteak interesatzen zaizkio Interneten». Zientzia? Galdegiten dute Martinez eta Matxainek. Ikertzaileak adierazi zuen moduan, zientziaren gai teknologikoak zabaltzen dira: informatika eta teknologia dira interesatzen zaizkigun gaiak. Horrekin batera, musika eta aisialdiko berriak dira gehien partekatzen direnak, haren ikerketaren arabera.

«Euskal Herrian zientziarekiko pertzepzioa baikorra dugu eta gai zientifikoei eta teknologikoei buruz dugun interesa hazi egin da azken ikerketen arabera -diote Zientzia Kaiera-tik-. Hala ere, kirola, osasuna, aisialdia eta ekonomiari lotutako gaiek interes gehiago pizten dute gugan».

Zientzia eta teknologiari buruzko informazioa eskuratzeko Internet da iturri nagusia, telebistarekin batera. Twitter eta Youtuben aurkitzen ditugun edukiez gain, egunkari eta aldizkarietan argitaratuak partekatzen ditugu.

Kultura Zientifikoa

Testuinguru honetan, urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra arte Kultura Zientifikoa I. Jaialdia abiatu zen Zientzia Kaiera gunetik. Internet izanik informazio iturri nagusia, sarean zientzia-gaiak euskaraz sustatzeko eta zabaltzeko ekimena izan da honakoa.

Hiru hilabetez gauzatu den jaialdian 120 ekarpen bildu dira, «egindako aurreikuspenak soberan gaindituz», antolatzaileen hitzetan; izan ere, jakintza arlo askotariko gaiak jorratu dituzten artikuluak, mezuak, podcastak, infografiak, bideoak eta abar landu dituzte 73 parte-hartzailek.

Deialdia amaituta, hainbat datu eta informazio jaso dituzte. Hona hemen horietako batzuk:

Ekarpenen %93,2 astean zehar argitaratu dira, lanegunetan. Egunik gogokoena sarean editatzeko asteazkena izan da eta askotariko gaiak plazaratu dira, Artetik, Zientziaren Historiara, baina lau jakintza arlotako gaiak izan dira nagusi: Biologia, Fisika, Medikuntza eta Osasuna, eta Hizkuntzalaritza.

Generoari dagokionez parte-hartzaileen %34,25 emakumezkoak izan dira eta gizonezkoak %65,75, eta adinari dagokionez, multzo handienak 15-24 eta 35-44 adin tartekoak izan dira.

Parte-hartzaileen artean denetarik izan da, ikasle gazteak eta jubilatuak. Irakasleak, ikerlariak eta hainbat alorretako profesionalak: kazetariak, dokumentalistak, zientzia dibulgatzaileak...

Ondorioak ere atera dituzte. Batetik, «Internet toki eta bide egokia dela arrotzak begitantzen diren gaiei atea zabaltzeko eta irakurle orokorrari hurbiltzeko», eta, bestetik, «euskaraz edozein jakintza arlotako gaiak jorratzeko gaitasuna» bermatuta gelditu dela.

Jardunaldiek indarrean jarri dute elkarrekintza eta auzolana, eta hain justu, Kultura Zientifikoa hedatzeko praktikan jarri behar diren jarrerak direla azpimarratu dute.

Bigarren deialdia

Kultura Zientifikoaren I. edizioan gustu handiz parte zutenek edota gogoarekin gelditu zirenek beste aukera bat izango dute eduki gehiago partekatzeko, izan ere, 2. edizioa martxan jartzeko asmoa dute. Apirilaren 28tik ekainaren 20 bitartean, Zientzia Kaierak emandako lekukoa hartuko du Zientzia.net-ek. Informazioa osoa gunean dago eskuragarri.