Jon Garmendia
Idazlea

Biziki

Marrazki bizidun bat bailitzan bizitza, kolorez jantzia, eta fantasiaz betea. Walt Disneyren edozein pelikula aurpegi aitzinean agertuko balitzaizu bezala sentituko zara orduan, gauzak ondo dihoazkizula nabaritzen duzunean; ez da hala izaten tristezia uneetatik ihesi, bakardadeari heltzen diozun aldi bakoitzean, halakoetan, zorionaren sentsazioa norbere itzalari segitzearen antzekoa dela ulertzen baituzu, haren bila jardunez gero urrundu egiten dela, beraz, ihes egitea besterik ez zaizu gelditzen gibeletik segika etor dakizun bera. Halere, marrazki bizidunetako bizitza asteburuetakoa iruditzen zaizu, edo oporretakoa, ez behintzat lanegunetakoa, aro horrek gris ilunak baino ez dituelako zure begientzat, eta thriller aspergarri baten zantzuak atzematen dizkiezu egunei, ezustekorik ez da haiengan, badakizu noiz eta nola heldu diren, eta baita nola joanen diren ere. Gainera, eguraldi txarra egiten duenean okerragoa da, ilunegiak dira zeru-lurrak, eta zaporerik ez dute orduek, gatzik gabeko itsaso baten antzera, eta uraren kontra naufrago zabiltza, denboraren joanean galduta. Beraz, laburbiltzeko garaia iritsi da, ez baituzu ondorio argirik aterako nehondik, ez eta zure hitzak bata bestearen atzean lerratu eta haietarik zeozer konprenitzeko itxaropenik baldin baduzu ere. Energia da gakoa, energia da dena, zu ere hala zara. Ez aztertu dena, sentitzea da gakoa, maitatzea, ezustekoei bidea libre uztea. Eta lurrari baino gehiago zeruari behatzea. Denborak ez du axola, eta ez ezazu jakin gero dela gero, utzi etortzen, eta utzi joaten, eta bitarte horretan, bizi. Biziki.