Koldo Urrutia
Euskararen Jatorri Elkartea
TXOKOTIK

Euskoiberismoa: euskara Europan kokatzeko tresna

«Latinak, eman ala hartu egin du?» galdera pausatzen du egileak, zalantzan jarriz -iberiar hizkuntza deszifratu ez den honetan- latinaren oinarri indoeuroparra. Bai, hizkuntza erromanikoek latinetik hitz piloa hartu dituzte, baina, «ez ote ditu latinak iberiera-akitanieratik aurretik hartu?». Iberiar eta euskal zenbakien, toponimia, genitiboa, ergatiboa eta partitiboaren arteko lotura ukaezinak aipatu eta hizkuntza erromanikoen substratu nagusia iberiar hizkuntza izatea behar bezala ez aztertzea salatu ostean, hizkuntzen ordezkatze eta aldaketa prozesuen nolakotasunak dakartza lerrootara, Euskararen Jatorriaren 9. Biltzarraren egitarauaren berri emanez, euskoiberismoa jorratuko baitute bertan.

Maiatzaren 10ean, Euskeraren Jatorriaren 9. Biltzarrean, Euskoiberismoa aztertuko da. Gure hizkuntzak iberierarekin izan zuen harremana ulertzea eta ondo kokatzea ezinbestekoa da euskararen jatorrian aurreratu nahi badugu. Aspaldiko kontua badirudi ere, euskoiberismoa egunez egun indarra hartzen ari da: iberiar eta euskal zenbakien arteko lotura ukaezina, toponimia, genitiboa (-en), ergatiboa (-ka) eta partitiboa (-ik-e-) partekatzea, eta abar. Horiek guztiek berriro jarri dute eztabaidan aspaldiko gai hau.

Iberiera ala iberiera-akitaniera? Baina lehendabizi, iberiera bere zentzu zabalean ulertu behar dugula kontuan hartu behar dugu. Oraingo Nafarroaren hedadurak eta orain dela 1.000 urtekoak zerikusirik ez duten moduan, iberiar hizkuntzaren eremua aztertuko bagenu sorpresa handia hartuko genuke. Izan ere, eztabaidak eztabaida, penintsulaz gain, Akitania osoan eta, ikerle batzuen arabera, Italiako Iparralderaino hedatzen zen hizkuntza hau. Hau da, hizkuntza erromanikoen eremuaren %66 bat letorke iberiar hizkuntzaren dialektoak mintzo ziren lurraldeekin, eta mendebaldeko hizkuntza erromanikoak soilik kontuan hartuko bagenitu, iberiar substratua %85ean legoke.

Hizkuntza erromanikoen substratu nagusia iberiar hizkuntza izatea ez da ia inoiz behar bezala aztertu. Eta horrekin batera, beste hainbat kontu: iberieraz idatzita dauden ia 5.000 idazkunen azterketak gehienbat amateurrek eginak izatea, unibertsitateetan iberierari zuzendutako ikerketa lerrorik ez egotea... Ikasketetan, hizkuntza erromanikoek erabateko presentzia izan duten bitartean, iberiar hizkuntzak erabateko bazterketa pairatu du.

Hau zuzentzen hasteko beste termino egokiago bat beharko genuke iberiera definitzeko, bera mintzo zen lurraldea erdira murriztu nahi ez badugu: iberiera-akitaniera? baina Italiako iparraldea ere, nola sartu?

Latinak, eman ala hartu egin du? Bestetik, latina aztertu denean, hizkuntzalari gehienek suposatutzat eman dute bere oinarria hizkuntza indoeuroparrak izan direla. Haientzat iberiera-akitaniera ezin zen horren oinarria izan, besteak beste, mendebaldeko hizkuntza erromanikoek dituzten milaka hitz, beste hizkuntzek bezala, latinetik hartu omen dituztelako. Eta latinak iberiera-akitanieratik hartu bazuen aurretik?

Latina hizkuntza indoeuroparretatik datorrela edo iberiera-akitanieran oinarritu dela esateko, lehendabizi, lan bat egin behar izan zen: iberiera-akitaniera deszifratzea. Baina lan hori ez da egin eta ondorioz, azken mendeotako Europako hizkuntzalaritza gehiena ez da oinarri sendo baten gainean eraiki.

Nola ordezkatzen ziren hizkuntzak orain 2.000 urte? eta gaur egun? Historiak ondotxo erakusten digunez, herri batek bere hizkuntza aldatzeko faktore asko behar dira: hedabideak, eskola, estatu baten egitura indartsua, eta abar. Adibidez, Hego Amerikan genozidioa egon ez zen lekuetan (Argentinan...), bertako hizkuntzek iraun izan dute bost mendez... orain arte. Gaur egun, hedabideekin, irakaskuntzarekin eta globalizazio ekonomikoarekin hasi dira desagertzen hainbat eta hainbat hizkuntza.

Baina orain 2.000 urte zer gertatu zen? Erromatarrek Mediterraneo inguruko herrialde gehienen kontrola hartu zutenean, 200 urteko epean, ez zuten biztanle nahikorik izan latina lurralde guztietara eramateko eta, horrela, botereari eusteko, Italiakoak ez ezik, beste lurraldeetako mertzenarioak hartzen zituzten, gainerako eremuetan Erroma defenda zezaten.

Adibidez, Iberiara ez zuten Italiako gizon-emakume askorik ekarri, beste lurraldeetako gizonez osatutako gudarosteak baino, jeneral erromatar gutxi batzuen agindupean. Hau da, latina nekez izan zitekeen iberiar gehienen ama hizkuntza.

500 urteko epean iberiarrei hizkuntza aldarazi bazieten, logika berdinarekin bisigodoak etorri zirenean ia 400 urtez egon zirenez (batik bat gizonez osatutako gudarosteak ere), latin arrunta utzi eta hizkuntza germanikora pasatu behar izan ziren, eta ondoren, islamiarrak etortzerakoan (batik bat gizonez osatutako gudarosteak ere), eta 700 urtez irautean, arabierara pasatu behar izan ziren hiztun guztiak.

Zeresanik ez Ekialdeko Erromatar Inperioan.

Han, Mediterraneoko ekialde osoko herrialdeetan, 400 urte arte hizkuntza erromanikoak hitz egin behar izan zituzten, eta ondoren, 400etik 1400era arte greziera hartu zutenez elkarrekin komunikatzeko hizkuntza gisa, grezieratik eratorritako hizkuntzak hitz egin beharko zituzten.

Hizkuntzen aldaketa prozesuak. Beste zalantzazko gai bat hizkuntzen aldatze prozesua da. Orain arte latinetik hizkuntza erromanikoetara dauden aldaketak hartu dira erreferentzia gisa, munduko hizkuntza guztiak asko aldatzen direla frogatutzat emateko. Azken urteotan hipotesi hori zalantzan jartzen duten teoria batzuk agertu dira, eta diotenez, hizkuntzetan hitz batzuk asko aldatu daitezkeen bitartean, beste hitz batzuk, agian 10.000 urtez ia aldaketarik gabe egon ahal izan dira, normalean gehien erabiltzen ditugunak. Euskaraz, Paleolito garaikoak izan litezkeen hitzek gaur egun arte iraun ahal izatea ere teoria berri hauekin bat letorke.

Euskararen eta iberieraren arteko harremana, iberiar motak... Azkenik, gero eta gehiago dira euskararen eta iberieraren harremana oso handia zela diotenak, agian, enbor bereko bi hizkuntza izan zirela. Eztabaida pil-pilean dago, eta horregatik, Biltzarrean, Luis Silgo Valentziako iberiar ikerleak gaur egun eztabaidatzen ari diren iberieraren eta euskararen arteko harremanak zertan diren azalduko digu.

Bestetik, Virgilio Correiak, Portugalgo Conimbrigako Museoko ikerleak, penintsulako hego-mendebaldeko idazkeraz eta dauden teoria berriez hitz egingo digu. Ondoren, Antonio Arnaiz Complutenseko irakasleak historikoki egon zen iberieraren eta euskararen arteko harremana nola deuseztatu nahi izan duten sakon landuko du, eta azkenik, Jabier Goitia ingeniari eta geografoak Iberiako toponimiaren eta euskararen arteko harremanaz egingo digu hitz. Arratsaldez, Biltzarra osatzeko, bestelako teoria asko ere entzun ahal izango ditugu: Kanadako Edo Nayland, Jaime Martin, Jon Nikolas, Jorge Ribero-Meneses eta Iruña-Veleiako egoera gaur egun zertan den.

Euskoiberismoak Europa mendebaldeko historia, kultura eta hizkuntza arloetako kontu asko argitu ahal dizkigu, eta hor, euskara oinarrizko abiapuntua dela egunez egun gero eta argiago geratzen ari da.