GARA BILBO

Igor Meñika eta Oihana Bartra garaile Arratiako eta Hego Uribeko finaletan, hurrenez hurren

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako eskualdekako finalak jokatzen ari dira egun hauetan eta joan den asteburuan Hego Uribekoa eta Arratiakoa jokatu zituzten. Busturialdeakoa eta Uribe Butroekoa falta dira.

Oihana Bartra eta Igor Meñika bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkatu dira euren eskualdeko finalak irabazi ostean.

Joan den larunbatean Hego Uribeko finala jokatu zen eta bertan sei bertsolarik hartu zuten parte: Arkaitz Zipitria, Axier Goñi, Joseba Barandiaran, Oihana Bartra, Peio Ormazabal eta Txaber Ormazabal. Ariketa guztiak egin ostean Bartrak jantzi zuen txapela 390 punturekin, eta Bizkaiko Txapelketarako zuzeneko txartela lortu zuen. Buruz burukoa Joseba Barandiaranen kontra jokatu zuen eta honek 246,5 puntu lortu zituen ariketa hori kenduta Bizkaiko Txapelketarako baliagarriak direnak. Gainontzeko partaideek honako puntu hauek lortu zituzten: T. Ormazabalek 233,5, P. Ormazabalek 230, Zipitriak 215 eta Goñik 211.

Igandean, berriz, Arratiako finala jokatu zuten. Saio honek bertsozale mordoa bildu zituen Igorreko Lasarte aretoan. Arazo pertsonalak zirela-eta, bi bertsolarik huts egin zuten eta zerrendan hurrengoek hartu zuten horien postua. Hala, Igor Meñikak, Illart Gurmuziok, Iñaki Iturriozek eta Irati Astondoak kantatu zuten.

Saioa amaitutakoan Igor Meñika zen puntu gehien eskuratu zituena (365,5) eta, horrenbestez, saioa irabazi eta Bizkaiko Txapelketarako txartela lortu zuen. Buruz burukoa Iñaki Iturriozekin jokatu zuen eta honek 358,5 puntu lortu zituen, eta horietatik 249,5 Bizkaiko sailkapenerako baliogarriak dira. Horien atzetik kokatu ziren Gurmuzio (205 puntu) eta Astondoa (204,5 puntu).

Datorren asteburuan Busturialdeko eta Uribe Butroeko finalak jokatuko dira, larunbatean Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan 17.30ean eta igandean Zamudioko Parke teknologikoko aretoan ordu berean.