KAZETA.INFO BAIONA

Lapurdi eta Nafarroa Behereko hamabi eliza monumentu historiko izendatu dituzte

Aiherra, Aldude, Ezpeleta, Haltsu, Hazparne, Hendaia, Itsasu, Luhuso, Ortzaize, Senpere eta Uharte Garaziko elizek aurrerantzean babes juridikoa izango dute, monumentu historiko izendatu baitituzte.

Akitania eskualdeko ondare eta guneen komisioak monumentu historiko izendatu ditu Lapurdi eta Nafarroa Behereko hamabi eliza. Monumentu historikoen artean bi maila dira eta Euskal Herriko eliza hauek lortutakoa horien artean babes txikiena eskaintzen duena da. Hala ere, eraikin hauek babes juridikoa izango dute hemendik aurrera.

Michel Delpuech Akitaniako prefetak gidatzen duen ondare eta guneen komisioak eman zuen atzo zerrendako hamabi eraikin berri hauen berri. Eraikin berrien zerrenda pasa den apirilaren 18an sinatu zuten.

Hala, hemendik aurrera babestuak egongo dira Aiherrako Jondoni Petri eliza, jatorri erromatarra duena eta XVII. mendean handitua izan zena. Honen ezkila-dorrea XX. mendekoa da. 1688. urtean eraikia eta XIX. mendean moldatua izan zen Aldudeko Andre Mariaren eliza ere zerrendaren parte da.

Ezpeletako Jondoni Eztebe eliza, Haltsuko Andre Mariaren eliza eta Hazparneko Jondoni Joane eliza dira zerrendako hurrengoak. Lehena 1593. urtean eraiki zuten eta XVII. mendean moldatu. Bigarrena 1510ean eraikia eta 1770an osatua da, eta hirugarrena 1879. eta 1883. urteen artean berreraikia Emile Doyereren eskutik. Azken honek, gainera, 1859. urteko ko tribuna ederrak ditu. 1895ean Daniel Saubesel dekoratua margotu zuen eta 1882an Champigneulek eginiko berinak ditu.

Hendaiako Bixintxo eliza, berriz, 1598. urtean eraiki zuten; 1867. eta 1874. urteen artean berreraiki ostean, eta 1902an handitu egin zuten 1881. urtean Jules Maumezeanek berina leihoak egin zituen.

Zerrendan topatuko ditugun beste hiru eliza Itsasuko San Fruktuoso (XVII. mendean eraikia), Luhusoko Beata Maria (XVII. mendean eraikia, 1630. urtean bukatu zuten) eta Ortzaizeko San Julen dira. Azkenengo hau XVI. mendean eraiki zuten, eta 1668. urtean moldatu zuten, nahiz eta Berpizkunde garaiko estiloa mantendu zen.

Baigorriko Doneztebe eliza, frantsesez herriari izena ematen dion sainduarena, da babestua izango den beste tenpluetako bat. Jatorri erromatarrekoa, XVII. eta XVIII. mendeetan moldatua izan zen estilo gotikoan.

Senpereko Jondoni Petri eliza XVI. mendekoa da eta XVII. mendearen hastapenean moldatua izan zen. XVIII. mendeko erretaula ere badu.

Uharte Garaziko eliza da zerrendan gehitzen azkena. Honakoa XV. mendean eraikia izan zen eta XVII. mendean eraberritua izan zen eta XVIII. mendeko tribuna du.