GARA DONOSTIA

Ruiz de Hierroren erakusketa ikusteko azken egunak

Zarauzko Photomuseumek antolatutako XXII. Argazki Bileraren baitan ikusgai dauden bi erakusketa ikusteko azkenengo egunak dira aste honetakoak. Maiatzaren 11n itxiko dute Adrian Ruiz de Hierroren lanak biltzen dituena, baita «8X Seriea» erakusketa kolektiboa ere.

Zarauzko Photomuseumek antolatutako XXII. Argazki Bilera apirilaren 15ean hasi zen bost erakusketa martxan jarriz. Horietako bi ikusteko azken aukera dugu aste honetan. Izan ere, hainbat argazkilariren artean osatutako «8X Seriea» bilduma eta Adrian Ruiz de Hierroren «Iparralderazko bazterbidean» maiatzaren 11n itxiko dituzte.

Azken hau Zazpi Galerian dago ikusgai eta N-I errepidearen inguruari erreparatuz lehenengo begiradan antzematen ez dena erakutsi nahi digu. Garai batean hain garrantzitsua zen errepide hura orain ahaztutako bide bat da. Horren inguruan izan zen suspertze ekonomikoa desagertu egin da. Ruiz de Hierroren irudiek dekadentzia transmititzen dute eta gaurko egoeraren isla izateko xedea dute. Zubi azpiko kartoizko etxeen auzo txikia, abandonatutako eraikin hutsak, aspaldiko iragarkien irudiak...

Photomuseumen bertan ikus daitekeen «8X seriea» bildumak, berriz, prozedura fotografiko zaharrak berreskuratzeko jakinminaren fruitu diren lanak eta gaurko produktu teknikoak erabiliz iraganean lortutako emaitza berdintsuak lortzeko saialdien fruituak biltzen ditu. Erakusketaren izena X Serie Fujifilm argazki-kameratik dator. Ekarpena egin duten argazkilariak Javier Garcia Blanco, Francisco Tomas Cegarra, Julian Redondo, Jose A. Padin, Javier Miron, Jon Diez, Jontxu Fernandez eta Rafael Garcia Marquez izan dira.

Ekainera arte

XXII. Argazki Bilerako gainerako erakusketek ekainaren 8ra arte iraungo dute. Torre Luzea erakusgelan Rafae Serrasen «Eszenografia» dago ikusgai. Bertan «El Testaferro» (Madril, 1997) filmaren eszenografiaren argazkiak aurkituko ditugu, eta batzuetan aktoreak ere ageri dira. Serras film horren zuzendari artistikoa izan zen eta horregatik lortu zituen irudi horiek. Urte berean Alejandro Amenabar zuzendariarekin aritu zen lanean «Abre los ojos» film ospetsuan. Era berean, ETBko fikziozko telesailetan parte hartu zuen pertsonaiak mugitzen diren agertokiak sortzen.

Sanz Enean, ordea, Iñaki Caperochipik erakutsiko ditu «Bidean» osatzen duten lanak. Bertan Afrika eta Asiara egindako bidaia zoragarrien irudiak ikus daitezke, tartean, Madagaskarreko, Sahara basamortuko, Txina hegoaldeko eta Sogotra irlako irudi eta txoko paregabeak.

Bestalde, Photomuseumen «Argazki albumak» azken erakusketa zabalduko dute maitzaren 13an.