GARA DONOSTIA

Trikitixa Eguna girotzeko festa egingo dute Arrasaten maiatzaren 9an

Datorren maiatzaren 24an ospatuko dute Arrasaten Debagoieneko 10. Trikitixa Eguna. Arrasateko Trikitixa Eskolari egokitu zaio aurtengo ekitaldia antolatzea .

Egitarauaren xehetasunak zehazteke badaude ere, ekitaldi nagusien berri eman zuten antolatzaileek atzo ohar baten bidez. Trikitixa egunean egiten duten bazkarirako txartelak dagoeneko Debagoieneko trikitixa eskoletan eskuratu daitezkeela iragarri zuten (maiatzaren 9ra arte). Umeen bazkari txartela 12 eurokoa da eta helduena 16 eurokoa.

Bestetik, egun hori girotzeko datorren maiatzaren 9an festa bat antolatu dutela jakinarazi zuten. Hala, 17.00etatik 20.00etara Arrasateko Trikitixa Eskolan Asier Gozategik trikiti ikastaroa emango du. 20.00etan, ikastaroa amaitutakoan, parte hartzaileak kalera irtengo dira triki-poteoa egitera. Jarraian Musakolako Ziar-ola elkartean afaria izango da, 21.00etan zehazki.

Afarirako gonbita zabala da, alegia, ez da soilik ikastaroan parte hartuko dutenentzat. Etorri nahi izanez gero, aurrez izena eman behar da (arrasatetrikitixaeskola@gmail.com).