Nagore BELASTEGI
DANTZAZ KONPAINIA ETA IKER ARRUE KOREOGRAFOA

Zapata berriak dituen haurra bezala, zoru zurian pozik saltoka

Aldaketen aurrean beldurra izaten dugu ez dakigulako horiek onerako izango ote diren. Artelekutik Errenteriara joan da Dantzaz Konpainia eta lortu dituzten espazio zabal eta argitsuekin pozez zoratuta dabiltza dantzariak.

«Zapata berriak dituen haurra bezala zeuden», aipatu zuen Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz Konpainiako zuzendariak Errenterian duten egoitza berrian egiten duten lehenengo aurkezpenean. Lehen Donostiako Txomin Enea auzoko Artelekun zeuden dantzariak eta beste arte diziplinekin partekatzen zuten espazioa. Giro hura polita zen, eta dantza aretoa ez zegoen batere gaizki, baina Errenterian topatu duten Niesseneko Dantzagune berria sekulakoa da. «Lekuonako obrak hasi dituzte -hori izango da Dantzagunearen behin betiko kokagunea- baina oraingoz hemen ondo gaude. Gela guztiak zuri-zuri zeuden, orain erabileragatik zikintzen hasiak badira ere. Argi pila bat dute. Hip hopa eta flamenkoa dantzatzeko aproposa den bat badago, non oinetakoekin sar daitekeen. Erabilera anitzeko gela ere, leihorik ez duena, asko erabiltzen dute», esan zuen zuzendariak, bera ere zapata berriak dituen haurrak bezala inguru guztietara begiratuz.

Bitartean, dantzariak datorren ostegunean Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan (21.00) aurkeztuko dituzten dantza piezetako bat entseatzen ari ziren. Dantzaklub proiektuaren baitan Hemengoak izena duen programaren denboraldi honetako laugarren -eta azken- koreografoarekin ari dira lanean. Asier Zabaleta, Igor Calonge eta Ion Mayaren atzetik, orain Ai Do Project taldeko Iker Arrueri egokitu zaio Dantzaz Konpainiako kideak zuzentzea.

Programa horren helburua euskal koreografoei kalitatezko dantzari profesionalekin lanean aritzeko aukera ematea da. Era berean, Dantzaz Konpainiak bere dantzariak nazioarteko konpainia prestigiotsuetan kokatzeko xedea duenez, hauek Euskal Herriko koreografoen berri izatea nahi du, kanpora joaten direnean horien berri eman dezaten.

Astebete inguru darama konpainiak Iker Arruerekin entseatzen eta, horregatik, koreografoak argibideak eman behar izan zizkien atzo Dantzagune berrian egindako entseguan. «Orain zuri tokatzen zaizu, itxaron musika hasi arte. Jarraitu», zioen. Une batean bera ere dantzatu zen, jarraitu beharreko pausoak zehazteko; izan ere, atzo bertan zenbait xehetasun aldatu egin zituen dantzarien trebetasun mailara egokituz.

«WKSP 119.104» lanak 18 minutu inguru irauten du eta Viktor Frankl poeta eta mediku suitzarraren oroitzapenetan oinarritzen da. «Kontzentrazio esparru batean egon zen eta bizirik ateratzea lortu zuen. Orduan erdizka zuen entziklopedia amaitu zuen. Berak esaten zuen bizitzari zentzua ematen dion zerbait bada, gizakiak uste duena baino gehiago jasateko gai dela da», azaldu zuen koreografoak.

Horrela, kontzentrazio esparru batean musikari talde batek konposatutako musika pieza bat Luis Miguel Cobosen beste batekin nahastu du, nahasmena, tristura eta desesperazioa iradokitzeko asmoz. Dantza lana abstraktua da, baina Frankl berak bizitakoa irudikatu nahi du: askatasunean bizi den pertsonaren pentsamenduak, atxiloketan eta berriro aske gelditzen denean duen pertzepzioa.

Hori irudikatzeko erabilitako mugimendu asko aikido borroka-artetik datoz, eta honek bikoteka lan egitera behartu ditu dantzariak: «Bikote lana eta desorekaren gaia lantzeko balio izan digu», aipatu zuen Josu Santamariak. Bere kide Fem Rosa Has holandarra ere oso gustura ari da Arruerekin lanean. «Espiralak egitea gustatzen zait. Ikasitakoa oraindik oso berria dugu eta gaurko entsegua ondo egon da gaizki egiten duguna konpontzeko». Benetako proba ostegunean izango dute, Arrueren piezaz gain, eurek sortutako lanak ere aurkeztu beharko baitituzte. «Dantzariak ez ezik, ekoizleak ere izan nahi dugu, arropak prestatu, euren kideak gidatzeko gai izan», aipatu zuen Saenz de Ugartek. Iker Arruerekin egun gutxi igaro badituzte ere, bere dantza motaz busti dira eta hemendik aurrera gazteek badute beste inspirazio bide bat.