Alvaro HILARIO BILBO

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Jaialdiak ikusleekiko harreman zuzena du oinarri

Maiatzaren 9tik 11ra, jendearen parte hartzea ardatz duten mota guztietako hamahiru lan ikusteko aukera izango dute ikusleek. Ikastaroek eta Gorakada taldearen gaineko erakusketa batek osatzen dute egitaraua.

Asko dira udaberriarekin batera gure herrietako kaleak hartzen dituzten kultur ekimenak, eta horien artean kale antzerkia da nagusi. Horietako bat da Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Jaialdia, aurten hemeretzigarren edizioa beteko duena. Jendearekiko harreman zuzena eta ikusleen parte hartzea ditu ezaugarri.

Arrigorriagako alkate Asier Albizuk eta jaialdiaren arduradun Amagoia Garaizabalek adierazi dutenez, aurrekoei ez ezik, jaialdiak bestelako irizpideei ere eutsi die aurten: nazioarte mailako kalitatezko egitaraua izatea eta euskarazko ikuskizunak programatzea. Hori guztia, 50.000 euroko aurrekontuari esker.

Maiatzaren 9tik 11ra, Kiroldegian eta Juan XXIII.a nahiz Udaletxeko plazek hartuko dituzte egitaraua osatzen duten hamahiru ikuskizunak, tartean bi estreinaldi, Euskal Herri mailako estreinaldi bat eta bertsio berri baten estreinaldia. Hamahiru talde arituko dira bertan. Horietatik hiru Euskal Herrikoak dira, beste bi Argentinakoak eta Estatu frantseseko bat.

Aipatzekoa da, arduradunen aburuz, euskarazko ikuskizunen alde egindako apustua: euskarazko hiru antzezlan izango dira, eta gainerakoak, bi hizkuntzatakoak, gaztelaniazkoak edota testurik gabekoak dira.

Eduki aldetik ere, garrantzitsuak dira ikuskizunek zabaltzen dituzten mezuak, horietako bat birziklatzearen aldekoa izango da.

Bestelako jarduerak ditugu egitarauaren osagai. Zirku teknikak ezagutu, ulertu eta egiteko El Gran Rufusek gidatutako ikastaroa eta «Gorakada, 25 urte» erakusketa, esate baterako. Maiatzaren 12ra arte ikusgai dagoen honek antzerki talde horren ibilbidearen berri ematen du. Aro emankor horretan, eskularru-txotxongiloak eta aktoreak abiapuntu hartuta, hainbat teknika, estilo eta eszenaratze garatu dituzte. Zifratan, 23 ikuskizun, 2.000 antzezpen eta milioi bat ikusle.