Maider IANTZI
ZIENTZIA

Saguzar arrantzalea, in fraganti grabatua

Irudikatu hamar gramoko saguzar hatz-luzea golf zelai bateko putzu erraldoi batean arrantzan. Arrain dentsitate izugarria, ur azalean etengabeko mugimendua, euria ariko balu bezala, eta galtzear den ugaztun txikia ehizan. Bere elikadura ohiturak aztertuz, pausoz pauso iritsi da Deniako arrantzaleku horretara EHUko ikerketa talde bat, tartean Ostaizka Aizpurua. Berarekin bildu da GARA.

Zarauztarra da Ostaizka Aizpurua, 1986an jaioa. Orain Getarian bizi da, eta bertan azaldu digu, pasioz beterik, saguzarren inguruan taldekideekin batera egin duen lana. Herrialde Katalanetan, Denian, ibili dira saguzar hatz-luzearen (Myotis capaccinii) elikadura ohiturak aztertzen. Arrantzan dakiela deskubritu dute, baita noiz, non eta nola egiten duen eta zein arrain jaten dituen ere. «Plos One» aldizkari espezializatuan argitaratu dituzte lanaren emaitzak. Erantzun aunitz lortu dituzte, eta ikerketetan gertatu ohi den bezala, galdera gehiago sortu zaizkie. «Hau lehenbiziko kapitulua da», dio ikertzaile gazteak, lanak segida izanen duela adieraziz. Gai honen inguruan idatzi duen tesia bai, jada bukatua du, eta ekainean aurkeztuko du.

Europan ez da bertze saguzarrik ezagutzen arrantzatzen duenik. Aizpuruak kontatu duenez, ikerketa taldeko bat Deniako koba batean animaliaren dieta zein zen jakiteko gorotzak begiratzen ari zela bat-batean ezkata batzuk agertu zitzaizkionean hasi zen dena. Harritu egin zen.

Baina bere biologia eta ekologia hagitz lotuta daude justu uretara. Orduan, ez zen ezinezkoa. Behatzen segitu eta ezkata gehiago agertu ziren, eta horren inguruan artikulu batzuk argitaratu ondotik, hor gelditu zen kontua. Momentu hartan kolonia bakarra ezagutzen zen. Gero bertze bi ikerketa egin ziren, eta Italian eta Ekialde Hurbilean bertze bi topatu ziren. Mediterraneoari lotutako animalia da saguzar hatz-luzea. Gaur egun, espezie honen hiru kolonia ezagutzen dira arraina jaten dutenak.

Honen harira, EHUko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa taldeko ikertzaileei jakin-mina piztu zitzaien: nola zen posible hamar gramoko animalia txiki batek arrainak arrantzatzea? Nahiz eta oso lotua egon uretara, nola zen posible arraina bere dietaren parte izatea? Ez zekiten behin putzu ñimiño batean arrainak erdi hilik topatu eta aukera aprobetxatu zuten, edo benetan arrantza egiten zuen. Hainbat galdera zituzten eta erantzunen bila abiatu ziren. Aurrena, arraina noiz jaten zuen behatu zuten. 2008tik 2010era Deniako kolonia bateko gorotzak jaso, eta arrantzaren fenologia bat egin zuten (urtaroek eta klimak bizidunengan duten eragina aztertzen du fenologiak), hilabeteetan arrainaren kontsumoa nola aldatzen zen ikusteko. Hiru urteetan hilabete guztietan jan zutela frogatu zuten.

Errekak lehortzean arrain dentsitate handiko putzu txikiak sortuko zirela eta horiek erabiliko zituztela pentsatzen zuten, baina urte osoko gauza bat izateak ideia hori aldatzen zuen. Non arrantzatzen zuten, orduan?

Euren kobara joan eta harpa tranpak deitzen zaien sare moduko batzuekin harrapatu zituzten. Ateratzen utzi, harpak jarri eta barrura zetozenean harrapatu zituzten, behin elikatuta eta sabela beteta. Koban bertan, lupa batzuekin gorotzak aztertu, eta arrain arrasto gehien zituzten animaliak irrati transmisore baten bidez markatu zituzten. Bizkarrean, kola kirurgikoz itsatsi zizkieten transmisoreak. Txiki-txikiak, saguzarren pisuaren %5 gainditzen ez zutenak.

Antena batzuk zituzten seinale horri jarraitzeko, eta, hainbertze hegan egiten dutenez, ez zen hain erraza. «Hiru animaliak bat egiten zuten toki bat topatu genuen: golf zelai bateko putzu erraldoi bat. Izugarria zen, gure ideiatik asko aldentzen zen. Sakonera hiru metrokoa edo bazen, baina ikaragarria zen arrain dentsitatea, sekula ez dut halakorik ikusi. Arrain txiki-txikiak, denbora osoan ur azalean», deskribatu du Aizpuruak.

Ehizarako teknika

Agertu duenez, zaila baina ederra izan zen naturan bertan lan egitea eta eragin gabe euren jokabidea aztertzea. Abiadura azkarreko kamera baten bidez benetan hor arrantzan ari zirela ikusi zuten. Argi infragorriko bideokamera erabili zuten, beraiei ez molestatzeko.

Arrantzatzeko teknika arrastatze modu bat da. Inongo landarerik gabeko ur azalak behar dituzte, erreken uhindurarik gabeak, mehe-meheak eta lauak. Hegan doazela jaitsi eta hankekin, zutik jarriko balira bezala, herrestan joaten dira. «Beren elikadura arruntena intsektu txikiak jatea da, baina pentsatzen dugu egun batean arraintxoren bat harrapatuko zutela eta hortik eboluzionatu duela teknikak».

Arrain exotiko bat, Gambusia holbrooki, jaten dute. Eskuragarri zeuden arrainetatik txikienak hartzen zituztela ikusi zuten. Analisi hau egiteko otolitoak erabili zituzten. Otolitoak belarriko egitura solido txiki batzuk dira. Espezie bakoitzarekiko espezifikoak direnez, espezieak identifikatzeko baliatzen dira. Neurtuz gero, animalien tamaina eta masa ere jakin daitezke.

Aizpuruak argitu duenez, saguzarrak ez dira itsuak, baina ekokokapena baliatzen dute iluntasunean ibiltzeko. Pultsuak igortzen dituzte eta objektuarekin talka egiten dutenean, oihartzuna jaso eta hori prozesatu eta interpretatzeko gai dira. Soinu irudi bat sortzen dutela erran daiteke. Horrela lortzen dute orientatzea eta harrapakina ehizatzea.

Gambusia holbrooki arraina ur azalean elikatzen da. Bertan dauden intsektuak, saguzarrak jaten dituen intsektu berak, jaten ditu. Ur azala apurtu eta ahoa ateratzen du harrapatzeko. Igeri ere ur azaletik hurbil egiten du. Edozein salto edo mugimendu da detektagarria saguzar hatz-luzearentzat.

1.200 espezie munduan

Munduan zehar, tropikoetan bereziki, fruituak, nektarra, haziak... jaten dituzte saguzarrek. Odola zurrupatzen duten banpiroak ere badaude. Aniztasuna izugarria da. Europan, aldiz, ezagutzen diren espezie guztiak intsektujaleak ziren. 2003an deskubritu zuten bazela kolonia bat arraina jan zezakeena, eta txori txikiak jaten dituen bertze espezie bat ere ikusi dute.

Saguzar hatz-luzea kobetara eta ur inguruetara lotua dago, biak behar ditu egoera onean, eta gizakiaren eragina dela-eta, beherakada handia izan zuen espezieak. Gauez ibiltzen da, neguan hibernatzen du eta inork ez daki nora joaten den.

Munduan 1.200 espezie baino gehiago daude eta Aizpuruari grazia egiten dio jendeari Alacantera saguzarrak aztertzera doala komentatu eta «ez joan haraino, nik etxean badauzkat!» aditzeak. Euskal Herrian, oraingoz 25 bat espezie daude identifikatuta. EAEn galzorian katalogatuta dauden ugaztunetan 30 espezie inguru daude eta horietatik 21 saguzarrak dira. «Egoera larria» dela nabarmendu du, eta kudeaketarako, ezagutzak garrantzi handia duela.

Saguzarrek ospe txarra izan dute hemen gehienetan (Txinan, adibidez, ona). Zikinak direla erraten da, ilean kateatzen direla... «Begira nik zenbat ile dudan!», dio irriz. Gertutik ezagutzean, zeharo aldatzen omen da eurei buruzko irudia.