Martxelo DIAZ

Barcina eta Alba, America 66-rekin bat

Errepresio frankistan parte-hartze zuzena izan zuen Armada espainoleko America 66 erregimentuaren erakusketaren alde azaldu ziren atzo Yolanda Barcina eta Carmen Alba. Frankismoaren biktimenganako iraintzat jo zituen EH Bilduk adierazpen horiek.

Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak eta Gobernu espainolaren ordezkari Carmen Albak sostengu garbia adierazi zioten atzo Armada espainoleko America 66 erregimentuari buruzko erakusketari. Gotorlekuan egingo da eta Iruñeko Udalaren baimena du.

Erakusketa honek polemika bizia sortu du Iruñean, erregimentu honek parte-hartze zuzena izan zuelako 1936an frankistak matxinatu zirenean. Nafarroan Emilio Molaren esanetara zegoen eta errepresioaren eta fusilatzeen protagonista zuzena izan zen.

Hori dela-eta, Iruñeko Udalbatzak erakusketa hori bertan behera uzteko eskatu zuen oposizioko talde guztien (PSN, Bildu, NaBai, Aralar eta I-E) bozekin. Honekin batera, hainbat herri taldek bultzatuta America 66 erregimentuaren erakusketaren kontrako kanpaina martxan jarri da. UPN eta PP dira erakusketaren alde azaldu diren alderdi bakarrak.

Berez, ez da harritzekoa Barcinak eta Albak erakusketa polemiko honi eman dioten sostengua. Izan ere, biek Nafarroako komandante militar berriaren kargua hartzeko ekitaldian egin zituzten adierazpenak. Alvaro Michael Sacristan izango da hemendik aurrera Nafarroako militarren burua.

Biak: «Historia da»

Bai Barcinak, bai Albak America 66 erregimentuaren gaineko erakusketa egitea historia gogoratzea dela nabarmendu zuten. «Historia kontatu behar dugu. Erroak galtzen dituen herriak bere nortasuna galtzen du», bota zuen Barcinak. «Erregimentu honek 250 urte ditu eta erakusketan Espainiaren historiaren zati garrantzitsu bat azaltzen da», lagundu zion Albak.

«Armadari esker ere gaur parke itzela dugu Iruñeko bihotzean, dohainik eman ziolako Udalari. Bestela, ziurrenik eraikinak izango genituen eta ez hainbeste berdegune», gaineratu zuen Barcinak.

EH Bilduk, berriz, hitz gogorrak izan zituen Barcina eta Albarentzat. «UPNk eta PPk Gerra Zibilean egindako krimenen ardura duen unitate militarra defendatzea biktimekiko irain eta mespretxu onartezina da», nabarmendu zuen talde abertzaleak ohar batean.

Historia kontatzearen beharra aipatzea mingarritzat ere jo zuen EH Bilduk, erakusketak «frankismoaren apologia egiten» duelako.

«Bai erakusketak, bai UPN eta PPren jarrerak kezkagarria den borondate falta agertzen dute, Nafarroako historiaren zati bat aitortzeko benetako pauso zintzoak emateko eta memoria kolektiboa eraikitzeko, amnesiarik gabekoa», gaineratu zuen EH Bilduk.