Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Propaganda maila altua

Prefetak iragarritako berriek ez dute lasaitasunik ekartzen euskarazko irakaskuntzan. Dena den, Seaskaren ibilbidean ez da inoiz lore asko aurkitu, horrekin bizitzen jakin du

Udaberrian gai arinagoen aipatzeko gogoa pizten zaigu. Aldiz, garai honetan nahiko zaila, egunero zailagoa, giroa belzten eta propaganda maila igotzen delarik, etengabe. Eskolan erakutsi ziguten bigarren mundu gerlan propagandak izugarrizko garrantzia izan zuela. Uste genuen informazioa kontrolatzen ikasi genuela. Izan ere, eskolatuak, ikasiak, formatuak, tresna asko eskuetan gurea defenditzeko aukera izanen genuela uste genuen, indar zapaltzaileen aurka joateko ahalak izanen genituela.

Europako hauteskundeen bezperan gaude, Ipar Euskal Herrian ez dugu ordezkaririk izanen bozkatzeko aukera emanen diguna. Xuri bozkatu beharko dugu.. Kezka bat, noski, bozgorailu abertzale baten beharra ikusten dutenentzat. Kezka bakarra ez da, Europako Parlamentua eskuin muturreko hautetsiz aberastuko baita, eta horrek ondorio larriak ekarriko dizkigu. Europatik murrizketak heldu zaizkigu, oraindik giza eskubideetan berri onak, oso gutxitan. Hollande eta Merkelen artean Europa ez doa ezkerretik. Baina beste kezka bat ere hazten ari da Europako ateetan, Ukrainan. Hor dugu agerian berriz ere propagandaren garrantzia, gerla bat prestatzen delarik. Izan ere, azken hilabeteetan askatasunaren aldeko mugimendu gisa aurkeztu zizkiguten bertako manifestaldiak eta pixkanaka faxismoaren indarra eta antifaxisten hilketak ditugu aurrean. Bat- batean, Europako gobernuak isilik ditugu hilketa hauen aurrean. Nork zabaltzen dizkio ateak eskuin muturrari Europan? Galdera egiteko tenorea dugu eta Alderdi Sozialistari ardurak eska- tzeko garaia. Kanpoko politikan zein barnekoan gaurko gobernuak zelaia zabaltzen die ideia ilunenei. Parisen komunikazioa asko lantzen dute, urrats komunikatiboak egiten dituzte, propaganda mailakoak. Aldaketa diote Parisen!

Egoera seguru horrez gain, Parisetik beste batzuk ekartzen dizkigute. Asteburuan Senperen bildutako diru laguntzari esker Seaskak proiektu berriak aurrera eramateko aukera izanen du. Beste biderik ez baita, bertakoen interesa piztu, gurea denaren zaintzeko. Prefetak iragarritako berriek ez dute lasaitasunik ekartzen euskarazko irakaskuntzan, erregularki errepikatu den jarrera. Dena den, Seaskaren ibilbidean ez da inoiz lore asko aurkitu, horrekin bizitzen jakin du euskarazko irakaskuntzak. Haatik, eskaini zaion laguntza ongi baliatzen jakin du. Urrunago, urrunago joan behar da, beti, gure ikasleentzat hoberena eskaintzeko, belaunaldi berriei manakuntza egokia, modernoaren segurtatzeko. Aniztasuna diote Parisen, propaganda!

Gaur, Ibon Fernandez Iradiz hitz egiteko elkartzekoak dira. Hirurehun pertsona bildu ziren Baionan. Gaixotasun larria sufritzen dutenek eskubideak dituzte, horregatik daude legeak. Euskaldunen kasuan beti salbuespenak sortzen dituzte. Gero preso politikorik ez dagoela diote. Alta, desberdintasunak erabakitzen badituzte zerbaitengatik izanen da! Sylviane Allaux diputatu sozialista bertan zegoen, Ipar Euskal Herriko arduradun politiko bakarra. Giza eskubideak ez dira oso baloratuak gaur egun, ez dira lehentasun. Giza eskubideak diote Parisen. Propaganda!