Ane Arruti
Elkarrizketa
Imanol EPELDE
Irakaslea eta rap kantaria

«Gure literatura idatzia pobrea dela esan genezake, baina ez horregatik ezkutatu beharrekoa»

Zarautzen 1977an jaioa, literatura irakasle ogibidea arlo ezberdinetako sorkuntza lanekin uztartu ohi du. «27zapata» bloga, bertsoak, rapa, musika, antzerkia... Horiek guztiak biltzen dituen «Etxepare Rap» ikuskizuna aurkeztuko du gaur Donostiako Literaktum jaialdian, euskal literaturako klasikoak rap doinuz eta irudiz jantzitako emanaldian.

Ikasle gaztetxoei XVI. mendeko testuak irensteko errazago eta arinago egin asmoz bururatu zitzaion Imanol Epelde irakasleari musika, irudiak eta literatura uztartzea. Euskaraz argitaratutako lehen liburua, Bernard Etxepareren «Lingua Vasconum Primitiae» (1545) hartu, eta sarrerako hitzaurrea rap estiloan kantatuz, bideoklip eta guzti sareratu zuen pasa den abenduaren 3an, euskararen nazioarteko egunean. Geroztik astero kantu bat gehituz joan da «Argia» astekariaren webgunean duen «Etxepare Rap» blogean.

Etxeparek emakumeen alde idatzitako «Emazteen fabore», Pedro Agerre Axular-en «Gero»-ren hitzaurrearen zati bat, Arnaut Oihenarten «Argia daritzanari» bost silabako lerroak, Bilintxen «Pobriaren suertia», Txirritaren «Neskazar bat tentatzen», Salbatore Mitxelenak Unamunori egindako «Abendats», Jon Miranderen «Euskaldun zintzoen balada», Itxaro Bordaren «Hango bortu gainetarik» eta Bernardo Atxagaren «Zenbait bertso xelebre» kantu bilakatu ditu, eta jendaurrean aurkezteari ekin dio orain.

«Mimoz prestatutako lana izan da, denbora dezente eman dut honetan, eta gogoz nago eguna iristeko», aitortu zuen Literaktum jaialdian gaur arratsaldean (19.30) Donostiako udal liburutegiko sotoan eskainiko duen emanaldiaren bezperan. «Aurreko astean egin nuen aurkezpena Zarautzen eta, jendaurrean lehen aldiz egiten nuenez, hor ikusi zen zenbateraino funtzionatzen zuen. Oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin eta Donostiarako desiratzen nago, urduri baino gehiago». Emanaldi mordoxka ditu dagoeneko agendan: Maiatzaren 30ean Zarauzko Literaturian, ekainaren 6an Urretxu-Zumarragako gaztetxean, uztailaren 12an Eako poesia egunetan...

Bernard Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae» lehen liburuko hitzaurrea rap eran kantatuz hasi zenuen abentura hau. Nondik nora sortu zitzaizun ideia?

Kantu hori baino gehiago, osotasunean bururatu zitzaidan ideia. Batez ere, ikasleekin testuak lantzen ari nintzela konturatzen nintzen XVI-XVII. mendeko testuak irakurriaz lantzen ibiltzea zaila edo behintzat astuna egiten zitzaiela, baina kantatu zitezkeela. Konturatzen nintzen erritmo bat bazutela testuek, errimak ere bai, eta kantura eraman zitezkeela. Aukeratu nituen testu mordoxka bat, eta hasi nintzen horiek kantu izaten saiatzen. Batzuekin lortu nuen, besteekin ez. Saiatu naiz hamar kanturekin gutxienez mende bakoitzeko abestiren bat sartzen, gure literaturaren errepaso txiki bat egin ahal izateko. Ez da inondik inora euskal literatura xehetasun guztiekin kontatzea, baina bai autore eta klabe nagusiak. Hori dena, umoretik. Gure literatura idatzia pobrea dela esan genezake, baina ez horregatik ezkutatzeko modukoa. Disfrutatu genezake horrekin, eta gozatu ere bai.

Zein erantzun izan du ikasleen artean?

Erantzun ona. Ikasleak testua ez den beste elementuak gehituz gero, beti hartzen ditu gustura, irudiak, musika... atsegina egiten zaie. Eta are gehiago, irakaslea denean kantuan ari dena. Ni ez naiz mikrofono eta bozgorailu eta guzti kantatzen sartzen geletara. Audioak eta bideoak jartzen dizkiet, eta gustatzen zaie entzutea irakaslea.

Kolaborazio mordoa izan dituzu kantuetan. Zuzenekoetan, zeu bakarrik arituko zara?

Bakarrik izango naiz kantu horiek kantatzen. Oholtzara bakarrik azalduko naiz, nahiz eta jendaurreko hori egin ahal izateko, kolaborazio eta laguntza asko izan ditudan. Kantuetan kolaborazio pila bat daude, irudi eta bideo batzuk daude jendaurrerako prestatuak eta horiek egiten jende asko aritu da. Antzerki aldetik ere, laguntza handia izan dut. Aipatzen hasteko pila bat dira, nahi dituenak blogean topa ditzake, «EtxeRAPertarrak» atalean.

Musika zuk sortzen duzu?

Baseak Internetetik jaisten ditut eta horien gainean hasten naiz jolasten, probatzen... Eta gustatzen zaizkidanak kantu izaten bukatzen dute.

Rapak badu inprobisaziotik, bertsolaritzak ere bai... Zure ikuskizunean inprobisazioak ba al du tarterik?

Oso gutxi dago, kantuetan ez dago behintzat. Dena lotua dago. Rapak izan dezake, bertsoak ere izan dezake, baina antzerki musikatua dela esango nuke. Kantuak badaude, baina loturak antzerkiaren bidez osatzen ditut eta denaren arteko konbinazio bat da azkenean.

Lotura horiek, azalpenetarako aprobetxatzen dituzu?

Bai, kontua da azalpen lehorrak izan beharrean, ahalegina egin dudala horiek modu politean eta atseginean egiteko. Azalpen astunak ezin nitzake egin jendaurreko ikuskizun baterako. Ahalik eta entretenigarriena izateko, nik uste lan handia joan dela hor. Hitzaren, musikaren eta antzerkiaren arteko nahasketa bat da azkenean, eta sorpresa pila bat izango dira tartean.