Oihan LARRAÑAGA

Afrika Erdiko Errepublika, giza hondamendiaren atarian ate joka (I)

Afrikari buruz hitz egitean klixe moduko batzuk pizten zaizkigu berehala. Txirotasuna irudikatzen dugu. Kevin Carterren argazki famatuan hezurretan ageri den haurra eta ondoan begira duen putrea datozkigu burura, buztinezko etxolak sabanan edo txapazko txabolaz betetako auzo amaigabeak hiriburu handietan. Txirotasuna. Baita bortizkeria ere. Somalia edo Liberia. Ruandako hutuak eta tutsiak. Genozidioa. Baina historia. Beti historia. Gertatutakoa datorkigu burura, iraganean egindako akats tamalgarriak. Gaur bertan, ordea, inoiz zeharo garatu ezin izan duen lurralde bat Afrikako enegarren giza hondamendian hondoratzeko zorian egon daiteke: Afrika Erdiko Errepublika.

Nire ikaskide izandako batzuk euren bizitza arriskuan jartzen ari dira. Batzuk kalean jipoitu ere egin dituzte, anti-balakei elizetako ateak ireki ez eta bertan dauden musulmanak hiltzen ez uzteagatik». Gaetan Kabasha ruandarra da jaiotzez, baina urteak daramatza apaiz lanetan Afrika Erdiko Errepublikan, Bangasuko elizbarrutian.

«Anti-balakak musulman guztiak hil nahian dabiltza. Han hiltzen ari direnak ere gizakiak dira, beste edonor bezala». Haserretik etsipenetik baino gehiago dute Kabasharen hitzek. Elkarrizketa Madrildik eskaini zidan, filosofia ikasketak burutzen ari baita bertan. «Espainian pertsona bakar bat hiltzen denean Gobernua mugitu egiten da, prentsa mugitzen da, mundu guztia mugitzen da. Baina ahaztu egiten zaigu beste leku batzuetan milaka pertsona ari direla hiltzen, eta ez dugu hori ekiditeko egin genezakeen ezer egiten».

Munduko lurralderik txiroenetakoa da Afrika Erdiko Errepublika. 1960an independentzia aldarrikatu zuenetik, ez du sekula egonkortasun politiko zein ekonomikorik izan. Nazioarteko Diru Funtsak 2012an kaleratutako datuen arabera, barne produktu gordinari dagokionez, zerrenda osatzen duten 182 lurraldeen artean 160. postuan legoke Afrika Erdiko Errepublika. Giza garapen indizean, berriz, 180.a da. Zifra hotzek adierazten duten egoera hori egunero pairatu behar izaten dute bertan bizi diren 5 milioi pasatxo herritarrek. Egoera hori are gehiago ari da okertzen azkenaldian lurraldea astindu duten liskarrek eraginda.

Mendeku istorio bat

Afrika Erdiko Errepublikakoa bezalako muturreko egoerak ez dira une batetik bestera sortzen. Historia bat izaten dute, mendeku historia bat. Herrialde honen kasuan etengabeak izan dira botere aldaketak, eta ondorengo «garbiketak». Kasu gehienetan ez bezala, ordea, ustelkerian sustraitutako talde ezberdinen arteko borroka izan zitekeena erlijio liskar bihurtu da oraingoan. Aldaketa honen hasiera 2012an kokatzen du Gaetan Kabashak. «2012an, iparraldeko lau erreboltari taldek bat egin eta Seleka izeneko aliantza bat eratu zuten. Seleka hitzak berak «aliantza» esan nahi du. Lau talde horiek musulmanak ziren. Kide guztiak ziren musulmanak». Bere esanetan, Seleka osatu ondoren Darfur-en eta Txad-en mertzenarioak kontratatu zituen Selekak. «Afrika Erdiko Errepublikaren aurkako erasoei ekin zieten, harik eta hiribururaino iritsi eta Gobernuaren indar armatu ofizialak desegin zituzten arte. Ordura arte agintean zegoen François Bozize presidentea kargutik bota eta boterea okupatu zuten 2013ko martxoaren 24an».

Selekak sarraskia eta mendeku egarria baizik ez zuen utzi botererako bidean. Apaiz afrikaerditarren esanetan, Gobernura iritsi ondoren ere bide beretik jarraitu zuten. «Musulmana ez zen oro arpilatzen zuten, emakumeak bortxatzen zituzten, guztia lapurtzen zuten. Ez dut esan nahi musulman guztiak Selekaren aldekoak zirenik, baina musulmanei ezer egiten ez zietenez, musulman denak Selekakoen konplize gisa hartzen ditu orain jendeak».

Boterera iristea eta boterea kudeatzea ez da gauza bera, ordea. Bozize kargutik kendu ondoren, Michel Djotodiak hartu zuen lurraldeko presidente kargua. «Selekakoek ez zuten proiektu politikorik. Euretako bat izendatu zuten presidente, Michel Djotodia, baina berehala ikusi genuen ez zekitela botera nola kudeatu». Selekako buruzagiak eskualdeka banatu ziren. Tokian-tokian, bere legea inposatzen zuen euretako bakoitzak. «Talde askotan banatu ziren, eta ia denek jeneral eta koronel izendatu zuten euren burua. Bakoitzak lurraldearen zati bat hartu zuen, eta gerrako jaun gisa agintzen zuen bertan».

Orduan sortu ziren anti-balaka taldeak, kristau, animista, ateo eta gainerako taldeetako gazteek osatuta. Balaka hitzak «matxete» esan nahi du bertako hizkuntzan. «Tokian tokiko gazteek sortu zituzten talde hauek, euren herriak Selekako kideen lapurreta eta bortxaketen aurka babesteko», azaldu du Kabashak.

Boterea kudeatu ezinda, Michel Djotodiak presidente kargua utzi behar izan zuen urte hasieran. Horrek Selekaren agintaldiaren amaiera ekarri zuen, baina anti-balakak ez ziren desagertu. «Guztia korapilatu zen. Anti-balakak herrietatik irten eta hiriburuari egin zioten eraso. Bidean, topatzen zituzten musulman guztiak hiltzen zituzten, ez baitzituzten Selekako kideak musulmanengandik bereizten. Musulman guztiak dituzte etsaitzat». Orduz geroztik, bi aldeek sarraskiak egiten jarraitzen dute lurraldean. «Lurraldearen ipar-ekialdean Selekakoak daude, eta anti-balakak lurraldearen hego-mendebaldean. Baita hiriburuan ere. Bakoitza garbiketa etniko bat egiten ari da kontrolatzen duen eremuan».

Elkartasuna eta axolagabekeria

Aurkakoa dirudien arren, lurraldean gertatzen ari dena ez da erlijio gerra bat. Hala dio Ana Muñoz misio salestarren bozeramaileak. «Lurraldean ez da sekula erlijio gerrarik izan. Elkarbizitza baketsua izan dute beti kristau zein musulmanek Afrika Erdiko Errepublikan. Horregatik diogu ez dela erlijio gerra bat, botere borroka bat baino. Dirua irabazteko asmo hutsez boterera iritsi nahi duten politikarien arteko borroka bat besterik ez da». Misiolari salestarrek bi misio dituzte Afrika Erdiko Errepublikan, Bangi hiriburuko bi auzotan. Anti-balakak musul- manen aurka oldartzen ari diren honetan, zaila da erlijioan oinarritutako genozidio saialdia dela ukatzea. Horrek ez du esan nahi, ordea, bertako elizaren estamentuek anti-balakekin bat egiten dutenik. «Misiolari salestarren egoitzetan 50.000 lagun babesten ari gara. Ahal dena egiten da guztiei laguntzeko, baina kasu askotan janaria edo ura falta dira».

Bide beretik, eraso eta hilketen aurrean, kristauen eta musulmanen arteko adiskidetasun keinuak nabarmentzen ditu Gaetan Kabashak. «Parrokia gehienek ateak ireki dizkiete ihesean zebiltzan musulmanei, anti-balakek hil ez ditzaten». Adibide gisa, lurraldearen mendebaldean, Bouar izeneko 40.000 biztanleko herri bateko komentuaren kasua jartzen du. «Pentsa, klausura komentu bat, eta musulmanak bertan bizitzen». Kaga-Bandoron, lurraldearen erdialdean, komentu bat erditzear diren emakume musulmanen ospitale bihurtu da. «Ezin dute ospitale arruntera joan, zer egingo dieten beldur baitira. Horregatik jotzen dute komentura». Adibiderik esanguratsuena, Bangin topa daiteke. Bertako artzapezpiku-barrutian, eraikin berean bizi dira Bangiko artzapezpikua eta iman nagusia.

Horrelako kasuetan gehiegitan gertatu ohi den moduan, isiltasuna da nazioarteko komunitatearen erantzun bakarra. Nazioarteko erakundeak lurralde baten barne gatazketan sartzea zilegi den ala ez eztabaidan sartu gabe, Kabashak argi du nazioartetik egoerari buelta emateko bitarteko gehiago jarri beharko liratekeela. «Hilabeteak dira Europar Batasunak 1.000 militar bidaliko zituela hitzeman zuela. Lotsagarria da zenbat ari diren atzeratzen! Burokrazia dela, administrazioa dela... Europar Batasuneko 25 lurralde, garatuak direla diotenak, eta armada antolatuak dituztenak. Ez dut ulertzen nola ez diren 1.000 militar bidaltzeko gauza! Lotsagarria da, ez dago hau ulertuko duenik...».

Militarren esku hartze zuzenaz harago, nazioarteko komunitateak beste modu batzuetan ere inplikatu beharko lukeela uste du Olatz Cachok, Amnesty Internationaleko afrikar lurraldeetarako arduradunak. «Neurri asko hartu beharko lirateke berehala». Hasteko, giza eskubideen ikuskatzaileak bidaltzea proposatzen du, gertatzen ari denari buruzko testigantza zuzenak jasotzeko. «Agian, batzuentzat ez da konturik larriena izango, baina froga hauek guztiek sarraskien egileak justiziaren aurrera eramateko balio dezakete». Armen enbargoa indartzea ere proposatzen du Amnesty Internationaleko arduradunak, «baita bi aldeen armagabetze prozesua azkartzea ere. Era berean, garrantzitsua da botere judizialaren berreraikuntzarako laguntzak bideratzea». Lurraldean organo judizialak falta dira: epaileak, fiskalak, espetxeak... «Hori guztia ezinbestekoa da, gertatzen ari dena epaitua izango bada», dio Amnesty Internationaleko kideak.

Egoeraren larritasunaz ohartarazi nahi du mundua Gaetan Kabasha apaiz afrikaerditarrak. «Une hauetan milaka dira hildakoak, eta inork ez du ezer esaten. Hitzaldi politak egiten dituzte guztiek, baina inork ez du dirurik ukitu nahi».