Martxelo DIAZ UHARTE

Euskal eskola publikoaren aldeko aldarria egingo dute igandean, Uharten

Euskal eskola publikoaren aldeko jaiaren 19. edizioa egingo dute igande honetan, oraingoan Uharten. Festarako eguna izateko osagai guztiak dituzte, baina ez dute aldarrikapena ahaztuko.

Euskal eskola publiko berriaren aldeko jaia egingo da igande honetan Uharten, Sortzen taldeak bultzatuta eta ehunka lagunen sostenguarekin. Aurreko urteotan izan den eguraldi txarra aurten ez dela izango nabarmendu zuten atzo egin zuten aurkezpenean. Izan ere, asteartean eta 13an ekitaldia aurkezteko adorea izan zuten!

Hiru jaigune prestatu dituzte iganderako. «Txantxu rokeroak egun osoan zehar martxa jarriko du, Hazitxo guneak txikienekin batera jolasa eta kultura elkarbanatzeko aukera emango digu eta gure Tipu pirataren guneak gure altxorra bizi dugula eta Uhartetik mundura zabaltzeko determinazio osoa dugula azaltzeko aukera emango digu», azaldu zuen Sortzeneko kide Aiora Epeldek.

Egitarau zabala prestatu dutela nabarmendu zuten. «500 pertsonatik gora arituko gara modu batean edo bestean jai honen prestakuntza eta garapen lanetan», esan zuen.

Hori dela-eta, Sortzenek pasa den urritik hona uhartearrek egindako lana txalotu zuen. «Antzematen da auzolanean eta lantaldean aritzen ohituak daudela», nabarmendu zuen Epeldek, bide batez eskualdeko udalen laguntza ere eskertu zuelarik, azpiegiturari dagokionez euren ekarpena ezinbestekoa izan delako. Guztion parte-hartzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Garraio publikoa

Igandean garraio publikoa erabiltzeko deia ere egin zuten antolatzaileek. Autobusen 4H linea indartuko da eta maizago izango dira ibilgailuak.

Honekin batera, Uhartera bizikletaz joatea erabakitzen duenak aparkaleku berezia izango du. Aurreko egunean joan nahi dutenentzako, Ollokin karabana eta furgonetentzako aparkalekua ere prestatu dute.

Baina jaia ez da igandean Uharten izango den osagai bakarra. Aldarrikapenak ere toki garrantzitsua izango du. «Egun hau aprobetxatu nahi dugu euskal hezkuntza sistema propio baten alde lanean aritzen den orok bere lekua ere izan dezan jai egun honetan. Hau da, guztion artean osatzen dugun herri egitasmo edo herri proiektuaren erakusgarri izatea nahiko genuke egun hau: hor izango ditugu PAI ezartzearen kontra izugarrizko lana egin dutenak, Lomce-ri aurre eginez euskal hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarria, Euskaraz Bizi eta Ikasi herri ekimenak aurkezturiko Hamarratz...», bota zuen Epeldek.

Igandean da jai nagusia, ekitaldiak atzo ere hasi ziren Uharteko kultur astearen eskutik. Atzotik Uharteko Arte Garaikideko Zentroan Pan de Molde ekimenean parte hartu duten ilustrazioak ikusteko aukera dago, ilustratzaileen obra pertsonalekin batera.

«Sormen proiektu interesgarri honek, txikitasunetik gauza handiak sortzeko gai denak, bere bigarren aleko irabaziak Sortzen elkartea laguntzeko erabiliko ditu. Horregatik animatu nahi dugu jendea erakusketa ikustera hurbil daitezen eta fanzinea eskuratu dezaten», esan zuen Epeldek.

Uharteko artistek eta kirolariek egindako ekarpenei esker tonbola ere izango dute igandean Iruñerriko herri honetara hurbiltzen direnek.